Gurseko kontzentrazio eremua gogoan

Alfredo Alvaro Igoa 2018ko eka. 15a, 10:49

Gurseko etxoletako bat.

Oloroe-Donamariako Gurseko errefuxiatu eremuan 1939tik aurrea 28 sakandar izan ziren. Haien giza-eskubideen urraketak gogoratzeko, eta ahal den neurrian zuzentzeko, hainbat udalek ekitaldia antolatu dute gaurko, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

1936ko estatu kolpearen ondoren izan zen gerra galdu zuten askok Frantziara ihesi egin zuten. Iheslari haiek errefuxiatu eremuetan bukatu zuten. Horietako gune bat Iparraldetik gertu dagoen Oloroe-Donamaria herrian Gurseko errefuxiatu eremua prestatu zuten. 1939ko udaberrian 19.000 bat pertsona zeuden han. Naziak Frantziaz jabetzean kontzentrazio eremu izatera pasa zen. Gutxienez, 28 sakandar ziren han: 17 altsasuar, 4 ziordiar, 2 uhartear, 2 etxarriar, eta Izurdiaga, Hiriberri eta Olatzagutiko bana. Zerrendetan irurtzundar bat eta irintar bat ere agertzen dira, baina haien txostenak ez dira agertu eta euren herrietan bizi ziren ez dago argi oinordekorik ez delako opatu.  

Irailaren 30ean Nafarroako Gobernuak omenaldia egin ziren Gursen bertan izan zien 500 nafarrei. Haien senideak presente izan ziren ekitaldian. Tartean Sakanatik joandakoak ere bai. Haietako bat zen Juanjo Zelaia altsasuarra. Gurs, el campo vasco (2007, Txalaparta) liburua "kasualitatez erosi nuen altsasuar baten argazkia ikusi nuelako". Liburuaren bidez jakin zuen Zelaiak bere aita errefuxiatu eremuan izan zela eta CNTkoa zela, gerran egon zela besterik ez baitzuen kontatu. Ekitaldian liburuaren idazle Josu Chuecaren bidez, Irungo AskatasunArte kolektiboak Gursi buruz egindako Oroimena ahazturik - Un recuerdo desde el olvido dokumentalaren berri jaso zuten. Alkateari jakinarazi eta udalaren Historia-Memoria Batzordera eraman zuen.

Ekitaldia
Jakinik ibarreko beste herri batzuetako gizonezkoak Gursen izan zirela, Sakana mailako ekitaldia egitea erabaki zen. Ziurrenik Otsoportilloko ekitaldia elkarlanean antolatzeko eredua gogoan.

Iortia kultur guneko gela txikian izanen den ekitaldian Arakilgo, Uharte Arakilgo, Etxarri Aranazko, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko udalen ordezkariek hartuko dute hitza lehenik. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta historialari Josu Chuecak Gursi buruzko hitzaldia emanen du. Bukatzeko, aurretik aipatutako dokumentala emanen da.

Udaletatik adierazi dutenez, gaurko ekitaldiak, "memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetatik abiatutako oroigarria izan nahi du, hain urrun ez dagoen iraganean izan ziren eskubideen urraketak berriro egin ez ditzagun". Gaurko ekitaldiarekin udalek Gursen izan ziren sakandarrei eta haien senideei aitortza egin nahi diete. Aldi berean, ekitaldiak jendeak gertatutakoa ezagut dezan baliatu nahi dute.

Zelaiak azaldu digunez, senideek momentuz ez dute beste zerbait egiteko ideiarik, "baina zeinek daki! Agian gaur elkartu, hizketan hasi eta zerbait sortzen da. Chuecak espedienteak ditu eta nahi badugu, pasako lizkiguke. Agian erakusketa bat? Momentuz gaurkoarekin kitto".

Asko identifikatzeko
Gurseko eremuan 500 nafar izan ziren. Zerrenda badago, baina askotan ez da herria aipatzen. Horregatik, Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu die gerran errepublikanoen aldean izan zirenen senideei. www.nafarroa.eus web orriaren historia-memoriari buruzko agenda atalean bi zerrenda jarri ditu. Haietan Gursen izandakoen izenak daude. Batean herriak agertzen dira. Besteetan ez. Azken horiek nongoak ziren jakin nahi du gobernuak. Ahaide baten berri eman nahi dutenek, edo akatsen bat zuzendu nahi dutenek, pazyconvivencia@navarra.es e-postara idatzi edo 848 426 522 telefono zenbakira hots egin dezakete.