Tritoiena: oinez edo korrika

Guaixe 2018ko eka. 15a, 13:55

Bihar jokatuko da, larunbatean, Arbizuko kanpinean. 8:00etan oinezko martxa aterako da eta mendi korrikalariak, aldiz, 9:30ean. Izena ematea zabalik dago

Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana atletismo klubak, Ergoienako Udalaren laguntzarekin eta hainbat babeslerekin, II. Tritoiena mendi lasterketa antolatu dute biharko, ekainaren 16rako, larunbatarekin.

Tritoiena ez da soilik mendi lasterketa izango. “Tritoienak 19,5 kilometro eta 1.050 metroko desnibel positiboko ibilbidea izango du, eta bi modutan egin ahal izango da: oinez, mendi ibilbide edo martxa moduan, edo korrika, mendi lasterketa moduan. Oinezko martxa goizeko 8:00etan aterako da Arbizuko kanpinetik eta mendi korrikalariek, aldiz, 9:30ean. Ibilbidea bera izanen da: Arbizuko Kanpinetik atera eta Ondatzera iritsi, handik Unanura jaitsi, herrira, Unanutik Beriain igo, Uharteko portutik jaitsi eta Ondatzetik atzera ere Arbizuko kanpinera iritsi. Ibilbidea ederra da, elegantea, airean joateko moduan” esan digute Arbizuko kanpineko arduradunek. Ibilbidearen tracka wikiloc web gunean kontsultatu daiteke.

Aurreko urtean antolatu zuten lehenengoz Tritoiena lasterketa. Arbizuko kanpina irteera eta helmuga izanik, Ergoienako hiru herriak eta San Adrian, San Pedro eta San Donato ermitak batzen zituen lasterketa prestatu zuten, 30 km eta 1.800 metroko desnibel positiboarekin, eta 15 km-ko ibilbide laburragoa. Euripean jokatu zen proba, 35 korrikalarik hartu zuten parte eta laburrean Ioni Araña (2:13:28) eta Izaro Imaz (2:15:21) gailendu ziren eta luzean Feli Solanas (3:30:41) eta Arantxi de la Fuente (4:50:58). “Polita izan zen baina distantzia luzeegia zen, proba oso exigentea eta luzea egin zen, arratsaldeko hiru eta erdietan sari ematea ezin bukatu geunden. Horregatik, aurten proba laburragoa egitea erabaki dugu” azaldu digute antolatzaileek.

Oinez edo korrikan, kontua aritzea da
Tritoienan parte hartzera animatu dute antolatzaileek. “Korrikan edo oinez egin daiteke, aukeran. Martxakoek 4-5 ordu inguru beharko dituzte eta korrikalariek, aldiz, onenak ordu bat eta hiru ordu laurden inguruan iritsiko dira. Beriain ardatz hartuta, Beriainek duen erakarmen horrekin, lasterketa polita da Tritoiena” gaineratu dute antolatzaileek. Lasterketa edo martxa jarraitzeko edozein toki da aproposa, baina Unanuko xenda, Beriain, Uharteko portua, Ondatz… paregabeak dira, mendira egun pasa joateko aitzakia bikaina eskaintzen du Tritoienak.

Guztia ongi antolatzen 40 boluntariotik gora arituko dira, Arbizukoak, Ergoienakoak eta kanpinekoak. Korrikalariek eta martxistek kanpinean euren arropak eta beste uzteko tokia izanen dute, eta baita dutxak. Hiru hornidura gune izanen dira, Unanun, Beriainen eta Ondatzen. DYAk proba zainduko du eta ibilbidearen atzetik Dantzalekuko kideak joango dira, guztia txukun eta garbi uzteko.

Sari banaketa 12:45ean hasiko da. Mendi korrikalari guztiek produktu sorta lortuko dute eta txapeldunek txapela eta Unanuko ihoteetako kattola jasoko dute opari, Joseba Ezkurdia pilotariaren eskutik. Eta bukaeran martxistek, korrikalariek eta boluntarioek auzate ederra izanen dute zain.

Oraindik izena eman daiteke
Aurretik izena ematea gaur, ostiralean, 12:00etan ixten da www.kirolprobak.com web gunean, baina bihar, probaren egunean bertan Arbizuko kanpinean ere inskripzioa egiteko aukera izango da. Guztira 100 pertsona inguru espero ditu antolakuntzak.