Behar larrian, arriskuan, ikusten den pertsona garrasika hasten da bere burua ezinean ikusten duenean; jendearen arreta bereganatu nahi du, arriskutik atera ahal izateko beharrezkoa duen laguntza eskuratzeko. Bizi-senak bultzatzen gaitu horrela erreakzionatzera.
Hain arrunta den bizipen honekin argitu nahi dut, gaur, pentsionisten artean zabaltzen ari den jarrera bat: ”Politikarik ez”. Ez eta bai. Jubilatuon egoera salatzeko, gure eskubideak aldarrikatzeko, gure borroka antolatzeko, kalera ateratzeko… hau da, gure egoeraren larritasunaz jabetzeko eta borrokatzeko, ez dugu politikoen beharrik. Oso ongi egiten ari gara gure lana, gaur esaten zaion lan transbertsal hori; heldutasun eta konpromiso itzela azaldu dugu.
Baina ez da aski. Garrasia laguntza erakartzeko egiten da eta laguntza behar dugu, laguntza zentzu zabalean, langileak, gazteak, langabezian daudenak, eta hori eskatzen diogu gizarteari, gure egoeraren larritasuna ez baita soilik gurea, guztiona baizik. Guztiondako aldarrikatzen dugu pentsio duin bat bermatuko duen Pentsio Sistema Publiko onbideratu bat. Jendea gero eta gehiago jabetzen ari da errealitate honetaz, eta erantzun baikorra ematen ari da.
Baina hori ere ez da aski, eta bada gure garrasia entzun eta larritasunetik ateratzera behartuta dagoenik: politikoa. Politikoa da arduradun nagusia; berak hartzen ditu erabakiak, onerako edo txarrerako. Jendeari elkartasuna eskatuko diogu, politikoari justizia. Ez dezagun baztertu politika, gure aldarrikapenak jaso, bideratu eta defendatuko dituen politikoak ere behar ditugu eta, horiek aukeratzeko ardura, gurea da, gurea bakarrik. Arriskuan gaudenean, luzatzen zaizkigun esku guztien beharra izaten da eta heldu egin behar zaie ergelkerietan ibili gabe.
Ongi etorria izan dadila jubilatu guztiei bizi duin bat bermatzeko konpromisoa hartzen duen politikoa ere.