Erbitiren bederatzigarren Tourra?

Guaixe 2018ko eka. 20a, 07:34
Imanol Erbiti, aurreko Tourrean.

Movistar Team taldeak Tourrerako aurre selekzio taldean sartu du Etxeberrikoa

San Fermin egunean, uztailaren 7an, hasiko da Frantziako Tourra, Noirmoutier-en-I`^llen. Movistar Team taldeak argi dauka bere hiru izarrak eramanen dituela munduko txirrindularitza probarik onenera: Alejandro Valverde, Nairo Quintana eta Mikel Landa. Tourrean aukera posible guztiak erabili nahi ditu taldeak eta hiru txirrindulariak sasoi onenean iritsiko dira Frantziarra. “A aukera, B aukera eta C aukera ditugu; hori, guretzat, abantaila handia da” adierazi zuen Eusebio Unzuek.

Hiru liderrak ariko direla gauza jakina da, baina zein taldekide izanen dituzten alboan ez dute oraindik guztiz erabaki. Tourrean aritzeko aurre selekzio bat egin du Movistar Teamek eta tartean dago Imanol Erbiti arakildarra, Andrey Amador, Daniele Bennati, Nelson Oliveira, Jose Joaquin Rojas, Marc Soler eta Jasaha Sütterlin txirrindulariekin batera. Hauetatik bi txirrindulari geratuko dira behin betiko taldetik kanpo. Tourrean aritzeko Hiriberriko txirrindularia hautatzen badute, Erbitik bederatzigarren Tourra osatuko luke jarraian, eta guztiak talde berberarekin. Ez dago esan beharrik ere talde gizon bikaina dela Erbiti, oso estimatua, dena ematen duen ezkutari fidel eta bikaina.

Afizionatuak: Victor Etxeberria Euskadiko txapelduna
Larunbatean afizionatuen Euskadiko Txapelketa jokatu zen Seguran. Elite mailako txapelduna Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Victor Etxeberria nafarra izan zen, lasterketan 23 urtez azpiko Ampo-Goierriko TB taldeko Xabier Murgiondo eta Unai Cuadradoren atzetik sartu eta gero. 23 urtez azpiko txapelketan hirugarrena Rural Kutxako Oier Lazkano izan zen.