Sei odol-emaileri aitortza

Guaixe 2018ko eka. 23a, 10:27
Omendutako 200 odol-emaileak.

50 eta 100 alditan odola emateagatik domina jaso dute sei gizonezkok.

Odol-emaileen mundu eguna ospatu zuen igandean Adonak, Nafarroako odol-emaileen elkarteak. Javier Alvarez presidente duen elkarteak “odol-emaile guztien ezinbesteko eginkizuna” aitortu zuen. Haien “ekarpen solidarioa, altruista, boluntarioa eta anonimoa” nabarmendu zuen eta “bizitza emateagatik” esker ona azaldu zien odol-emaileei. Alvarezek nabarmendu zuen odola-ematea “benetako premia” dela “mediku-terapia berriak, ebakuntzak eta organo transplanteak bermez egiteko”. Adonako presidenteak gaineratu zuen odola ematea “gizarte-ekintza” ere badela: “pertsonen borondatearen menpe dago eta, beraz, komunitate baten elkartasunaren eta osasun-kulturaren adierazlea da”.

Horregatik, Adonako buruak gazteak odol-emaile egitera gonbidatu zituen. Hala egin nahi duenak, elkarteko autobusa herrietara etortzen denean egin dezake, autobusean bertan galdetuz. Adonako autobusen egutegia www.adona.es web orrian kontsultatu daiteke. Hurrengo hitzorduak honakoak dira: Altsasun garilaren 9tik 12ra (9an eta 10ean 17:00etatik 20:30era eta 11n eta 12an 9:30etik 13:00etara) eta Arbizun garilaren 25ean (17:00etatik 20:30era). Bestela, Nafarroako Ospitale Gunean dagoen odol-bankura joan daiteke.

Omenaldia
Igandeko ekitaldian joan den urtean odol-emate kopuru borobiletara iritsitako pertsonei aitortza egiteko balio izan zuen ere. 200 omenduen artean sei gizonezko sakandar izan ziren. Odola 100 alditan ematera joan den urtean iritsi zelako urrezko domina bikoitza jaso zuen Gabriel Sagardia Etxarte irurtzundarrak. 50 emateetara iristeagatik bost urrezko domina jaso zituzten sakandarrak: Laureano Otxotorena Zabalzak (Irurtzun), Txomin Goikoetxea Iriberrik (Arbizu) eta Agustin Hernandez Solanok, Carmelo Llena Garciak eta Luis Rueda Perezek (Altsasu).