Cosimoren istorioa Etxepare sariko irabazlea

Guaixe 2018ko eka. 22a, 13:07
Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileak. Argazkia: UTZITAKOA

Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileen 'Cosimoren katiuskak' lana aukeratu du epaimahaiak 19 lanen artean. Udazkenean Pamiela argitaletxeak albuma argitaratuko du

Etxepare literatura saria euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin sortu zen. Nafarroako 22 toki-entitateren euskara zebitzuek antolatzen dute, Sakanako Mankomunitatea barne.  Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirena Indart egileek jaso dute aurtengo edizioko saria. Egileek 5.000 euroko saria jaso dute, egile eskubideen aurrerapen moduan.


Cosimoren katiuskak albuma aurkeztu zuten Ibañezek eta Martirenak. Egileek Italo Calvinoren II barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute albuma sortzeko. Cosimo eta parke txiki bat dira albumaren protagonistak. Albumak haurrei baliabide berriak erakutsiko dizkie eta edertasunaren aldarrikapena zabaltzen du ere.

Albuma “gogoetarako kontakizuna bada”, aurtengo Etxepare sariko epahaimaiaren arabera. Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Asun Agiriano haur bibliotekariak osatu dute epahaimaia. “Testuak poesia du, umorea eta jolasa: hitzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak”. Saritutako lana album ilustratu baten ezaugarriak “bikain” erakusten dituela azaldu dute. Hortaz, irakurlea adi mantentzen lortzen du eta heldu baten konpainia ezibestekoa da elementu guztiak harrapatzeko. Bai testua baita ilustrazioak ere “indartsuak” direla adierazi du epaimahaiak, “bi lengoaiak abertsak dira”.

Egileak

Dani Martirena Indart Legasan jaio zen eta kazetaria da. EITBko albistegietan erredaktorea da. Hainbat literatura lehiaketan parte hartu izan du eta bere lanak sarituak izan dira. Basauriko Euskarabila elkarteak antolatu izan duen ipuin erotikoen lehiaketan parte hartu zuen eta bere bi idazalanak Txalaparta argitaletxeak lan sartituekin argitaratutako liburu bilduman irakurri daitezke: Bero haizeak (2011) eta Esku hori (2012). Iruñeako udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan ere parte hartu izan du, eta lehen saria jaso zuen 2015ean Astearte hark arrunta behar zuen lanarekin. Pamiela argitaletxean 39 idazle nafar izenburuko argitalpenean ere parte hartu du Martirenak (2017).

Dani Martirena Indartek eta Ana Ibañez Elosuak auto ekoizpenean artgitaratu zituzten Hankaz gora du amak mundua eta Jonek Jone izan nahi du liburuak. Ibañez Arte Ederretan lizentziaduna da, eskultura espezialitatean, eta arte eskolan grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen. Hainbat erakusketetan parte hartu du: Biguina eta beroa Zizur Nagusiko kultur etxean, Koloreak eta hariak Gayarre antzokian eta Haragi barruko lorategiak Molmar arte galerian. Sariei dagokienez Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian eskulturako 2. eta 3. saria jaso zituen Ibañezek.

Historia

Nafarroako literatura sari esanguratsu baten falta sumatu zuten, eta literatur lehiaketa alorrean erreferentzia izanen zen saria sortu zuten 2004an: Etxepare sariak. Haur, gazte eta helduentzako literatura saria izan zen hasieran. Ondoren, 2006tik aurrera albumak sortzeko beka bihurtu zen.

Album ilustratu bat ekoiztea albumak berak dituen bereizgarriengatik garestia da. Gainera, euskaraz argitaratzen diren albumak itzulpenak izan ohi dira. Hortaz, Etxepare sariak euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin sortu zen, izan ere, Etxepare lan saridunak argitaratzen dira. 2009. urtean beka izateriari utzi eta sari bihurtu zen Etxepare.

Aurreko edizioetako saridunak:

2017 Arraroa Ainara Azpiazu 'Azpi' eta Paula Estevez
2016 Zerua gris dago Liebana Goñi eta Isaak Martinez
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean  Pello Añorga eta Jokin Mitxelena
2014 Hiltzaileak Leire Salaberria
2013 Gerrak ez du izenik Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
2011  Hara! Miren Aisiain
2010 Euria ari duenean Leire Salaberria
2009 Alex, nire laguna Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga
2008 Katalina kontalari Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalon
2007 Zirkua amets Joxan Ormazabal eta Iraia Okina