Tren Publiko eta Sozialaren alde eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra dago Sakana Trenaren Alde. Iruñea eta Gasteiz AHT bidez Sakanan eta Arabako Lautadan barna lotu nahi ditu Sustapen Ministerioak. Sakana Trenaren Aldek gogoratu du bi eskualdeetan ia 10.000 alegazio aurkeztu zirela egitasmoaren kontra eta Sakanako ia udal guztiek errefusatu zutela. Bi eskualdeei eragiten dien proiektua denez, AHTrik EZ Lautada plataformak antolatutako manifestazioarekin bat egin du taldeak eta martxan euren pankartarekin parte hartuko du, “Sakanako herrien garrasia” azalduz. Bestetik, Uharte Arakilgo festetan eginen den kalejiran parte hartzera deitu dute.
Sakana Trenaren Aldeko kideen iritziz AHT “proiektua antisoziala, antiekologikoa, eta baliabide ekonomikoen eta energetikoen xahutzailea da. Bi eskualdeei eragiten die proiektu berak eta bi plataformak kidetuta daude borrokan”. Zehaztu dutenez, “AHTk ingurumen kalte handia eginen du gure lurraldean, inguru-giroan, eta bizitzeko moduan. Kalte hori baita ekonomikoa ere izanen da, barra-barra dirutza xahutuko delako, zeren eta egungo trenak ibilbide berdina egiten du eta egoki hobetu daiteke erraztasunez”.
Gaztigatu dutenez, AHT ezartzeak “ditugun ibilbide luzeko zerbitzu gutxien erabateko galera ekarriko du eta, ziurrenik, hurbileko zerbitzuen gutxitzea. Ondorioz, gure eskualdeak are inkomunikatuago geldituko da, garraiorako azpiegitura berri bat izan arren”. Sakana “korridore hutsak izatea” bideratu nahi dutela, “nondik pasatuko diren proiektu jasangaitz, kutsagarri eta xahutzaile guztiak. Dagoeneko baditugulako egungo trenak, errepideek, autobideek eta goi-tentsioko hariek eragindako hesi fisikoak”.