Martinez eta Azkorbebeitia Trikutraileko txapeldunak

Guaixe 2018ko eka. 25a, 14:23

Onilekoak minutu pasa atera zion Beñat Kataraini eta Azkorbebeitia emakumezkoen errekorra puskatu zuen (2:02:13). Proba, aldi berean, Nafarroako Txapelketa Indibiduala izan zen eta Jose Luis Beraza Nafarroako txapelduna izan zen beteranoen mailan

Sakandarrak V. Trikutrailean (21 km)
Gizonak
1.Antonio Martinez (Onil): 1:43:55
2.Beñat Katarain (Lak):    1:45:04
12.Jose Luis Beraza (Uhar): 1:56:30
29.Joxeja Maiza (Etx):    2:03:58
35.Mikel Astiz (Ihabar):    2:07:26
43.Alberto Razkin (Etx):    2:10:18
52.Fran Araña (Arb):    2:12:43
71.Xuban Mendiola (Etx):    2:17:53
72.Iñaki Alvaro (Alts):    2:18:36
74.Juan Mariñelarena (Etx): 2:19:06
75.Aitor Hernaiz (Lak):    2:19:25
83.Ibon Ubeda (Etx):    2:20:23
85.Alberto Mtnez. De Lagran (Alts): 2:20:30
99.Tomas Guirado (Alts):    2:22:59
105.Ibon Arregi (Lak):    2:24:45
107.Andoni Azanza (Alts): 2:25:37
120.Carlos Mañeru (Etx):    2:27:00
156.Ibai Arrese (Etx):    2:35:16
161.Eneko Lazkoz (Etx):    2:35:33
173.Xabier Etxeberria (Etx): 2:38:04
175.Izai Mauleon (Etx):    2:38:39
181.Iñigo Aldunate (Lak):    2:39:57
200.Unai Urrestarazu (Etx): 2:44:49
214.Aiert Lizarraga (Etx):    2:48:33
231.Iñaki Azkona (Irur):    2:54:46
240.Luismi Chaves (Lak):    2:56:26
248.Joseba Galarza (Itur):    2:59:41
249.Araitz Jaka (Etx):    3:01:11
255.Luis Barandalla (Etx): 3:07:57
271.Fco. Jose Juango (Irur): 3:21:09

Emakumeak
193.Erkuden San Martin (Etx): 2.42:56
211.Maite Zabaleta (Etx):    2:47:19
230.Maider Iragi (Irur):    2:54:46
270.Silvia Perez (Alts):    3:18:31


Beroa izan zen igandean Etxarriko kanpinean jokatutako V. Trikutraileko etsai gogorrenetakoa, probak zituen 21 km gorabeheratsu eta 1.400 metroko desnibel positiboarekin batera. Izan ere, goizean goizetik eguzkiak agindu zuen eta lasterketari ekin zioten 290 korrikalariek lan handia izan zuten beroari aurre egiten eta hidratazioa behar bezala zaintzen. Probako 350 dortsalak aurretik agortuak zeuden, baina lesioak, lan kontuak eta beste hainbat arrazoi direla medio izaten diren ohiko bajak kontuan hartuta, horietatik 290ek hartu zuten irteera. Aurten Etxarriko lasterketa Euskadiko Koparako eta Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria zen, are gehiago, aldi berean Nafarroako Banakako Txapelketa izan zen. Horrela, puntako korrikalariek hartu zuten irteera Triku Trail taldeak Etxarriko kanpinaren, Etxarri Aranazko Udalaren, mendi federazioen eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako proban.

Basoan garatzen da gehienbat Trikutraila. Hasieran hariztien ibilbidetik ibili ziren korrikalariak, itzalpean, eta ondoren Maitzegurretik eta Auntzetxetik pasatu ziren. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua gainditu eta Lizarrustira iritsi ziren. Ondoren, Txaradigorri trikuharriraino jo zuten, probaren eremu gogorrena, eta Hirumugeta igo ziren, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik haritz zaharren ibilbidetik jaitsi ziren, Etxarriko kanpineko helmugara iristeko.

Onilen eta Katarainen arteko lehia
Valentziako Onil herriko Antonio Martinezek Trikutrailean debutatu zuen. Espainiako orientazio txapelduna da Martinez, eta bikain aritu zen Etxarrin, helmugara bakar bakarrik iritsi baitzen (1:43:55). “Oso lasterketa polita zela aipatu zidaten eta izugarri gustatu zait. Perfilean zirudiena baino gogorragoa iruditu zait, eta igoeraren batean sufritu dut” azaldu zuen Martinezek. Beñat Katarain lakuntzarrarekin lehia ederra izan zuen Martinezek, Katarainek ederki estutu baitzuen. Martinezek aitortu zuenez, hasieratik azkar ibiltzen saiatu zen, gune teknikoetan aldea ateratzeko. Proba irabaztea lortu zuen eta minutu bat atera zizkion Beñat Katarain lakuntzarrari (1:45:04). Ilunberriko Xabier Zarranzek osatu zuen podiuma (1:48:08). Aipatzekoa da ere Jose Luis Berazak egindako lana. Uharte Arakilgoa 12.a iritsi zen helmugara (1:56:30), eta lasterketako lehen beteranoa izan zen eta probako lehen sakandarra, Beñat Katarain Zegaman bizi baita eta gipuzkoar moduan hartu baitzuen parte. Bestalde, helmugan 29.a sartu zen Joxeja Maiza izan zen lehen etxarriarra (2:03:58).

Azkorbebeitiaren errekor berria
Antonio Martinezek ez zuen 2016an Walther Becerrak ezarritako errekorra gainditu (1:42:58). Baina emakumezkoetan Trikutrailean debutatu zuen Oihana Azkorbebeitiak sekulako erakustaldia egin zuen eta proba irabaztea eta 2016an Virginia Perezek ezarritako errekorra (2:07:08) guztiz apurtu eta ia 5 minututan hobetu zuen (2:02:13). Bikain aritu zen Abadiñokoa, eta 9 minutu pasa atera zizkion Maite Etxezarreta bigarrenari (2:11:21) eta 18 minutu Mari Cruz Aragon hirugarrenari (2:20:18). Ikusgarria. Lehen sakandarra Erkuden San Martin etxarriarra izan zen (2:42:56), proban 193.a.

Beraza, Nafarroako beterano txapelduna
Trikutraila aldi berean Nafarroako Banakako Txapelketa zen. Senior mailan Xabier Zarranzek (1:48:08) eta Irene Guembek (2:27:55) irabazi zuten, eta beteranoen mailan Jose Luis Berazak (1.56:30) eta Mari Cruz Aragonek (2:20:18).

Antolakuntzak 1.200 euro eta makina bat trofeo banatu zituen sarietan. Lehen hiru sailkatuez gain, lehen sakandarrek, lehen etxarriarrek eta lehen beteranoek ere saria jaso zuten. Horretaz gain, korrikalari guztiek opari-boltsa jaso zuten eta bukaeran auzate ederra izan zen bildutako guztiendako.

Proba jokatzera bezperatik jende asko hurbiltzen denez, Triku larunbata festa antolatu zuten bezperan Etxarriko kanpinean. Etxeko txikienendako ping-ponga, rokodromoa, tenisa, jokoak, altxorraren bila, duatloia eta beste izan ziren. Eta igandean, Trikutrail proba abiatu eta ordu laurdenera, txikienendako Trikutrail lasterketa abiatu zen, proba sinbolikoa.