Goizeko sei t´erdiak dira. Kalean ez da hotsik aditzen. Abiatu gara. 774 km ditugu aurretik. Oraindik erdi lo, baina abiatu gara Murtziara.
Geldialdi bat, kafetxo bat hartu eta hankak pixka bat luzatzeko. Beste geldialdi bat, berriro ere hankak luzatu eta mokadu bat egiteko. Azkenik, 7 ordu eta gero, iritsi gara. Han egin dugu topo goizean bisitak egin dituztenekin, bart Mirentxineko lagunekin etorrita. Horien artean urteak ikusi gabeko laguna, non eta Murtziako espetxe baten aurrean izan behar… Hartu dute etxerako buelta hauek eta gu barrura, arratsaldez baitugu gaur bisa.
Mundua gelditu egiten den unea. Ez ordulari, ez mugikor… inongo konexiorik gabekoa, konexio bakarra anai/koinatu harremanak. Besarkadak emateko, jasotzeko eta sentitzeko unea, barruko eta kanpoko berriak trukatzeko unea: etxeko txikien (dagoeneko ez hain txikien) aurrerapen eta asmoak, gureak, etxekoen eta lagunen mezuak, bere kezka eta egunerokoak… konturatu orduko denbora bukatu zaigu. Ireki dute atea. Agurtzeko momentua. Anaia eta koinatua berriro ere “han” uztekoa. Gogorra. Oso gogorra.
Hitzik esan gabe, bakoitzak nahiko lan buruan bueltaka dabiltzanei eutsiz, zerbait afalduko dugu oheratu aurretik. Afaltzen gaudela, 70 urte ongi beteta dituen aitonak sumatu du euskaldunak garela eta gerturatu zaigu. Bera ere euskalduna. Bakar-bakarrik egin du bidaia. Nekatuta iritsi dela dio baina bihar semearekin mano a mano izanen duen bisak arindu dizkio nekeak.
Goizeko sei t´erdiak dira. Kalean ez da hotsik aditzen. Abiatu gara. 774km ditugu aurretik. Oraindik erdi lo, baina abiatu gara Lakuntzara.