Geltoki irekiera

Katrin Ginea 2018ko eka. 29a, 08:25

kolaboratzaileak

1988ko ekainaren 9a.

Goizeko hamarrak dira eta amak goxo goxo esnatzen nau: Katrin esnatu! Jantzi eta zatoz gosaltzera. Normalean haserre jaikitzen naiz, baina gaur ez, osteguna izanda ere Iruñera goaz egun pasa.
Gosaldu eta nire bi ahizpekin batera bagoaz autobus geltokira. Arbizu - Iruña, 45 minutu luzeko bidaia. Lakuntza, Arruazu, Uharte, Irañeta… denbora asko dut zeruari begira joateko, eta nola ez, amesteko. Zahartzen naizenean astronauta izan nahi dut. Herritik Iruñerako bidaia zerura begira joateko eta imajinazioa askatzen joateko erabiltzen ditut. Amestu, asko amesten dut autobus bidaietan.  Sarritan entzuten dut ametsak egi bihurtzen direla.

Bueno, iritsi gara Irurtzunera, bidai erdia eginda, baina hala ere betiko galdera egin behar: Ama, noiz iritsiko gara? Berehala maitia, berehala. Iruñeraino amesten jarraitzen dut, astronauta izatetik dantzari izatera… edo agian argazkilari izango naiz?

Iritsi gara Iruñera. Nire bi ahizpek eta nik gogoko dugu Iruñera etortzea, familia bisitatzen dugulako, amiña Manolita, osaba-izebak, lehengusuak… Iruñera gatozenean buelta berdina ematen dugu beti. Alde zaharrean Beatrizeko garroteak erosi gabe ezin gelditu, Unzuko eskailera elektrikoetan ere gora behera ibiltzea gustatzen zait.

Gaur egun berezia da, 10 egun barru urteak beteko ditut eta amatxok oparia aukeratzen utzi dit. Autobusa hartu aurretik derrigorrezko geldialdia Manterolan. Ez dago Iruñeko bidaia ondo amaitzerik bertan ez badugu bollo bat jaten.

Bagoaz Burundesako lehiatilara, Manterolatik hasita lasterka noa hara, ama garraxika, baina… hortxe dago aita, barruko langilearekin hitz egiten. Bai, aitatxok Burundesako autobusak gidatzen ditu. Badator, salto egiten dut bere lepora, pila maite dut aita.

Amak txartelak hartzen dituen bitartean aita badoa autobusa martxan jartzera. Autobusera lehenengoa igotzen naiz eta aitak bere ondoan exertzen uzten dit. Amatxo dut beste aldean. Lasai, lasai egingo dut orain bidaia. Lo hartuko dut eta amesten jarraituko dut Arbizuraino.

Istorio hau Katrinena da. Lourdes, Irune eta Maiarena ere. Baita nafar askorena ere. Iruñeko geltoki zahar honetan denek ditugulako gure istorioak kontatzeko. Autobus bidai haietan egindako ametsetatik egi bihurtzen diren ametsetara. Horietako amets bat Geltoki da. Nafar askoren ametsa egi bihurturik.
Geltokik ireki ditu ateak. Ekonomia solidarioa, elikadura burujabetza eta kultura alternatiboarendako bozgorailu izango den kultur gunea.

Ongi etorri Geltokira! Ongi etorri gurera!