Polita da oso margotzen duzuen konplot-mundua: interesik eza, Madrildik diruz lagunduriko lanak, ez dakit zer laborategitan frogak egin nahi ez izatea, eta batek daki beste zer otuko zaizuen.
Horiek edo horien zentzurik eza alde batera utzita, oso larria da adituak, euskararen historia lantzen hogei urtetik gora daramaten ikertzaileak alegia, “aditu” bezala tratatzea; are larriagoa mundu osoan arrakastatsua den hizkuntzen historia egiteko metodologia ezagutu gabe eta ezer ere ez jakin gabe euskararen ezaugarri dokumentatuez edo III. mende inguruko akitanierazko inskripzioez, benetakoak eta euskararekin oso lotuak. Haietan, sembe ‘seme’, cisson ‘gizon’, andereso ‘anderetxo’, nescato, eta abar ageri dira. Harritzekoa da horiek zer interes txikia pizten duten eta zeinen ezezagunak diren, batez ere Veleiako marren aldekoen artean.
Euskararen historia liburua irakurtzeak merezi du, baina, iritzi-gutun bat idazteko, komeniko litzateke, gutxienez, ikustea zer idatzi den. Ez du egile bakarrak esku hartu; hiru editore eta bost egile daude gutxienez tartean, eta historiaurretik gaur bitarteko hizkuntza azkeneko 70 bat urtean ikertzeak emandako fruituak bildu dituzte. Gomendagarria da jakiteko zergatik diren inozoak Veleiako arrastoak.
Gauza da ez dela euskararen historiaz ezer jakin behar Veleiako marrak atzo gauekoak direla jakiteko. Idazkeraren historiaz ezer gutxi jakitearekin nahikoa da, eta Wikipediatik ateratzeko beharrik ere ez dago. Veleian, hitzak banatuta ageri dira; hitzak banatzea, baina, VII. mendeko gauza da, Irlandako Bibliekin hasten den idazteko modua alegia; hau da, hitzak banatuta idazten hasi baino lau mende lehenagoak izan beharko lukete Veleiakoek. Aurretik, scriptio continua moduan idazten zen, hau da, hitz guztiak elkarren jarraian, banatu gabe. Agian, lau mende ez dira horrenbeste.
Aldiz, gidoiak ageri dira “mona-tona” eta “ata-ama” moduko segida batean (http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:13393). Erdiko marratxoa, ordea, Gutenbergek erabili zuen lehen aldiz, XV. mendean asmatu zuen inprentak ez ziolako uzten ordura arte erabiliriko azpimarra paratzen. Hau da, munduan, azpimarra erabili zen idazle grekoetatik hasi eta Veleia ondorengo beste mila eta ehun bat urtean, erdiko marratxorik bat ere erabili gabe, asmatu gabe zegoelako. Jakina, Veleia horretan ere salbuespena da eta, asmatu gabeko marratxoa erabiltzea gutxi balitz, egungo erabilera berdin-berdinarekin ageri da.
Komak ere ageri dira (http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:13394), gaur erabiltzen diren moduan, eta erabilera hori XIII. mendekoa da. Izan ere, idazkeraren historian, Aldus Manutius (1449/1452 –1515) veneziarra izan zen koma modernoa, Veleian agertzen dena, erabiltzen lehena. Veleian erabili eta mila urtetik gora galdurik. Hori galera!
J letra ere erabiltzen da Veleian (http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:11139), gaur erabiliko genuen kontsonantea bezala, nahiz eta erabilera hori XVI. mendekoa izan. Gian Giorgio Trissinori (1478-1550) egozten zaio i eta j bi hots beregain bezala bereiztea. Erromatarren eta Veleiako garaian, zenbakietan baino ez zen erabiltzen, zenbaki erromatarretako azkeneko zifra I zenean. Erdi Aroko J ere Veleian erabili eta mila bat urtean galdurik. Bisionario batzuk izan ziren, antza denez, Veleiakoak.
Irregulartasun larri gutxi batzuk baino ez dira, ez bakarrak. Badaude beste irregulartasun batzuk idazkeran; adibidez, <T> grafia erabiltzea afrikatuetarako, hau da, <tz> eta <ts> egiteko. Hori ere, idazkeraren historiaren aurka, Veleian lehen aldiz erabili, eta mendeetan desagerturik egon. Ondorengo europar gehienak, eta euskaldunak, motzak izango ziren, batez ere, Hegoaldeko euskaldunak, jada asmaturik zegoen sistema bati mila bostehun urtean kasurik ez egiteko.
Ikus daitekeen moduan, ez du ematen arazoa denik ikertzaile batzuk beldur direla haien teoriak bertan behera geldituko direla, baizik eta Veleiako marrek ez dutela zentzurik ez alde batetik eta ez bestetik.
Izan ere, euskaraz ere, irregulartasunak hamaika dira, eta horien berri ere Wikipedian bertan izan daiteke. Nabarmenetako bat izan daiteke, agian, polita hitza agertzea. a artikulua dela onartuta ere, polit okzitanieratik harturiko mailegua da, -t hotsaz amaituriko mailegu gehienak bezala. Okzitanieraz, baina, Veleiakoa baino askoz beranduago garatu ziren horrelako formak, bost bat mende beranduago. Azkarrak, gero, Veleiakoak, oraindik ere asmatu gabe zegoen beste elementu bat erabiltzen zutela.
Gehiago ez luzatzeko eta labur esateko, zertarako behar dira froga hiperteknologiko zentzugabeak? Ostrakak benetakoak izan daitezke; marrak, ordea, nekez. Zertarako izan interesa ageriko iruzurrean? Zertarako? Interesgarria izango litzateke apur bat ikertzea, ahoa ireki edo konplotak salatu aurretik; edo, hurrengorako, sinesteko moduko arrastoak egitea.
Altsasuko gazteek eta ingurukoek bizi dutena bai konpondu beharreko arazoa, hor, Veleian ez bezala, gezurra agintzen ari da eta.
Erreferentziak:
Scriptio continua: https://en.wikipedia.org/wiki/Scriptio_continua
Gidoi edo erdiko marratxoa: https://en.wikipedia.org/wiki/Hyphen#Origin_and_history
Komak: https://en.wikipedia.org/wiki/Comma#History
J letra: https://es.wikipedia.org/wiki/J#Historia
Euskarazko irregulartasunak: https://es.wikipedia.org/wiki/Anexo:Iru%C3%B1a-Veleia/Hallazgos2006/Supuestos_graffiti_en_euskera_de_los_siglos_III_a_VI#Conclusiones_del_informe_de_Lakarra_(2008)