Imanol Erbiti Tourrean ariko da

Guaixe 2018ko eka. 26a, 13:29

Hiriberrikoak bere 9. Tourra osatuko du segidan

Movistar Team taldeak atzo konfirmatu zuen uztailaren 7an abiatuko den Tourrera eramango duen zortzikotea. Eusebio Unzuek zuzenduko duen taldeko liderrak Nairo Quintana, Alejandro Valverde eta Mikel Landa izango dira, eta haiei laguntzeko Andrey Amador, Daniele Bennati, Jose Joaquín Rojas, Marc Soler eta Imanol Erbiti aukeratu dituzte.

Imanol Erbiti Hiriberriko txirrindulariarendako aurtengoa bere 9. Tourra izango da jarraian. Tour guztiak despeditzea lortu du 2012koa izan ezik. 34 urte ditu Erbitik, eta tropelean talde gizon oso preziatua da, ezkutari fidel eta fina. Tourrarekin bere 20. itzuli handiari ekingo dio, aipatu Tourrez gain, 2006ko Giroan eta Espainiako 10 Vuelta egin baititu, guztiak jarraian, 2007tik 2016ra. Bere palmaresean Errioxako Vuelta eta Espainiako Vueltako bi etapa garaipen ditu, bata 2008an eta 2010ean bestea.