Bi herriek partekatzen dute San Pedro ermita. Urdindar eta altsasuar askok kezkaz begiratzen diote San Pedro ermitako teilatuari, belarrez eta hostoz beteta baitago. Ez du itxura onik. 1987an ermitak zuen itxura tamalgarriagoa zen, horregatik, Urdiaingo eta Altsasuko alkateak elkartu eta ermitan konponketak egitea adostu zuten.
Egin beharreko lanak honakoak ziren: teilatua desmuntatu, hormak konpondu, hormak euritik babesteko drainatze zanga egin, barruko hezetasuna kentzeko kaskailua, porlana eta zeramika jartzea, ermitaren Altsasuko aldean leihoa egin, aldarea eta gainontzekoa banatzen zuen hesia kendu eta ate berriak jartzea. Lanek 4.405.268 pezetako aurrekontua zuten (26.476,19 euro) eta udalek erdibana ordaindu zuten, 2.202.634 pezeta bakoitzak (13.238,1 euro).
Lanak 1988ko martxokoa azken astean hasi ziren. Teilatu eta zoru guztia kendu zuten eta lau paretak bakarrik gelditu ziren. Altsasuko sarreraren ondoko paretan zulo handi bat egin zuten makinak sartu ahal izateko. Lanak iraun bitartean San Pedroren irudia Urdiainera eraman zuten. Hori zen asmoa, baina Iruñean bukatu zuen, zaharberritzera eraman zutelako. Lan horrek 68.000 pezetako kostua izan zuen (408,69 euro). Ermitako lanak garagarrileko lehen astean despeditu ziren.
Mustutzea
Ermitan egindako lanak San Pedro ospakizunetarako despeditu nahi zituzten bai urdiaindarrek bai altsasuarrek. Eraikuntza enpresak hori lortu zuen. Baina Urdiainen ez zuten nahi altsasuarrek ermita San Pedro egunean mustutzea. Eta Altsasun ez zuten nahi urdiaindarrek urte hartako garilaren 3an, domekan, mustutzea. Konponbidea izan zen San Pedro egunaren aurreko domekan mustutzea. 1988ko garagarrilaren 26an izan zen hori. 12:00etan meza eman zuten bi herrietako apaizek, Jose Mari Satrustegik eta Rafael Ayerrak eta Martin Zubiriak.
Inmatrikulazioa
Urdiainek eta Altsasuk partekatzen duten San Pedro ermita Iruñeko elizbarrutiak 2.000 urteko irailean inmatrikulatu zuen, eta Urdiaingo parrokiaren izenean jarri zuen eraikinaren jabetza. Pasa den hilabetean izan dute horren berri udalek. David Oroz eta Javier Ollo alkateak berriki ermitaz hizketatzeko elkartu dira. Izan ere, ermitaren teilatuak ez du itxura onik. Bi alkateek erabaki dute ermitaren egoerari buruzko txostena egitea eta horrekin elizbarrutira jotzea. Bi udal agintariek argi dute lanak egin behar badira ermitaren jabeak ordaindu beharko dituela, hau da, elizak.