"Esperientzia berri bat bizitzea espero dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2018ko eka. 29a, 08:38

Garilaren 1ean EuskarAbentura espedizio ibiltaria hasiko da. 16 eta 17 urteko 110 gaztek parte hartuko dute. Hilabete batez Euskal Herria zeharkatuko dute. Amets Oteiza uhartearakildarrak eta Enaitz Larrion altsasuarrak parte hartuko dute

1. Zer da EuskarAbentura?
Amets: Lehenengo edizioa da aurtengoa. Euskal Herrian zehar eginen da, Mauletik Getxora. Oinez eginen dugu, eta etapa bakoitzaren amaieran hitzaldiak izanen ditugu, eta ohiturak ezagutuko ditugu. Gazteen artean euskara bultzatzeko egiten da.

2. Nola izan zenuten ekimen honen berri?
Enaitz: Ikastolara EuskarAbentura zer zen azaltzera mutiko bat etorri zen.

3. Bakarrik edo lagunekin joateko asmoa zenuten?
E.: Hasiera batean lagun batzuekin eman nuen izena, baina batek orkatila bihurtu zuen eta ezinen da etorri, eta beste lagun batekin joanen naiz. Gainera, Aguraingo norbait joanen dela badakit.
A.: Lagun batekin eman nuen izena, baina lagunari hilabete bat gehiegi iruditu zitzaion eta, azkenean, bakarrik noa. Oraindik ez dakit nor doan, baina agian gero jendea ikusten dudanean norbait ezagutzen dut.

4. Zer egin behar izan duzue parte hartzeko?
E.: Lan bat egin behar genuen. Diziplina ezberdinak zeuden aukeratzeko: idazlan bat egiteko aukera zegoen, baita musika, bideoak eta abar ere. Modu asko zeuden lan hori egiteko. Gainera, gaiak asko ziren ere.

5. Zein izan zen zuen lanen gaia?
E.: Emakumea eta euskararen inguruko lan bat egin nuen. Idazlan bat egin nuen. Ez zen oso zaila izan.
A.: Euskara eta nire herria izan zen nire lanaren izenburua, eta bideo bat egin nuen. Hala ere, bideoa egin genuenek idazlan bat egin behar genuenok ere bideoa nola egin genuen azaltzeko. Lana egitea gustatu zitzaidan.

6. Motibazio gutun bat egin behar izan zenuten. Zer azaldu zenuten gutun honetan?
E.: EuskarAbentura euskara bultzatzeko ekintza bat dela eta Euskal Herriko jende gehiago ezagutzeko aukera izanen dugula, baita lagun berriak egiteko aukera ere badela.

7. Zer nolako ibilbidea eginen duzue?
A.: Donejakue bidea jarraituko dugu, gehienbat.
E.: Iruñetik aterako gara garilaren 1ean, autobusez, eta Maulera joanen gara. Gero, ikastoletan, frontoietan eta abar lo eginen dugu. Getxon amaituko da.

8. Oinez eginen duzue ibilbidea. Herri batera iristean, zerbait eginen duzue?
A.: Hitzaldiak eta tailerrak izanen ditugu, kirol txapelketak, eztabaidak eta museoak bisitatuko ditugu ere.

9. Zein da helburua?
E.: Gazteen artean euskara bultzatzea eta Euskal Herria hobeto ezagutzea. Historia, geografia, kultura eta abar ezagutzeko aukera izanen dugu.

10. Zer espero duzue espedizio honetatik?
E.: Euskara sakontzea eta ezagutzen ez nituen ohiturak ikastea.
A.: Esperientzia berri bat bizitzea.

11. Abentura bizitzeko prest zaudete?
E.: Pixka bat urduri gaude. Gauza asko eraman behar ditugu, baina, adibidez, kamisetarik ez eramateko esan digute, antolakuntzak emanen dizkigulako. Baina frontalak eta abar eraman behar ditugu.