Europako Kontu Auzitegiak egindako auditorian kritika oso gogorra egiten da Espainiako AHTren linearik gehienek errentagarritasun sozioekonomiko eskasa dutelako, bidaiari gutxi eraman eta haien eraikuntzan gainkostuak izan direlako. Gainera, egin diren lekuetan, populismoa eta hautesleak asetzeagatik egin dela dio, errentagarritasunik ez izan arren.
Sakana Trenaren Alde plataformak bat egiten du txostenak dioenarekin. Horregatik, Geroa Bairi, PSNri eta UPN-PPri eskatu die “utz diezaiotela gizartea engainatzeari hitz hanpatu eta gezurren bidez, eta has daitezela aintzat hartzen eta garatzen gizartearen beharrei, benetan, erantzunen dien Nafarroako Tren Sozialaren proiektua egungo trena oinarri hartuta; bidaiariei eta garraioari erantzun egokia emanen diena”. Plataformakoek euren proposamenaren onurak laburbildu dituzte: errei bikoitza, europar zabalera, teknologiaren gehikuntza, maila goreneko zerbitzuak, geltoki eta geralekuak berreskuratzea...