Nafarroako Parlamentuak onartu berri du Hondakinen Legea. Han jasotako neurrietako bat da nafarrek edarien ontziak erosi dituzten dendara bueltatu ahal izanen dituztela. Horrela, ez da ez latarik ez botilarik galduko eta denak birziklatu eta berrerabili ahalko dira. Neurri horrek Nafarroa estatuan iraunkortasun, berrerabiltze eta birziklatze eredu izatea lortu nahi du.
Edarien ontziak dendetara bueltatzeko sistema hori munduko 40 herrialdeetan eta eskualdeetan (Alemania, Eskandinavia, Kalifornia, Australia…) dago martxan eta edari-ontzien % 99 berreskuratzea lortzen dute, kaleetan, basoan, hondakindegietan edo itsasoan bukatu beharrean. Europako Batasuna ere edari ontziak dendetara bueltatzearen aldeko apustua egin du.
"Mundu osoko biztanleriaren % 80ak baino gehiagok begi onez ikusten du ontziak dendara bueltatzea. Eta Nafarroan berdina gertatuko da. Erreferentea izan den eta gaur egun ere hala den eskualde bat da, eta bultzatu nahi dituen neurriekin, izaten jarraituko duena” esan du Miquel Rosetik, Retorna elkarteko zuzendariak.
Kanpaina
Aipatu elkarteak Greenpeace, Ekologistak Martxan, Emausko Trapuketariak, 3 R Konpainia, Acción Clima eta Recircula elkarteekin batera Nafarroa, itzultzearen alde kanpaina martxan jarri du eta foru geografian barna ibiliko da hurrengo asteetan. Emausko Trapuketariak-eko Andoni Romeok esan duenez, “Nafarroako Hondakin Legea onartu berri denean, zirkulu-ekonomiaren sektoreak eta hainbat elkarte ekologistek prozesu hau lagundu nahi dugu, Nafarroa iraunkortasunarekin konprometituta dagoen lurralde bat dela erakutsiz”.
Kanpainako sustatzaileek herriz herri edarien latak eta botilak hartzen dituen makina bat eramanen dute. Halako bat sartzen den bakoitzeko makinak 10 zentimo emanen ditu. Gutxi barru gauza bera egin ahal izanen da dendetan, edari ontziak eraman eta trukean txanpona jaso. Sustatzaileek diotenez, eredu horrekin "dena birziklatu eta berrerabiliko da, zirkulu-ekonomiari esker".
Bihar Altsasuko kultur guneko zabalgunean izanen da eta etzi, berriz, Etxarri Aranazko plazan.