Iker Mintegi Euskadiko Txapelduna

Guaixe 2018ko uzt. 3a, 10:48
Argazkiak: Burunda txirrindularitza kluba eta Martin Early.

Quesos Albeniz taldeko txirrindulariaren atzetik Intersport Irabiako Aitor Alberdi sailkatu zen, bigarrena. Bestalde, Undianoko lasterketa Intersport Irabiako Igor Arrietak irabazi zuen

Kadete mailako txirrindulariek asteburu oso lanpetua izan dute baina aldi berean oso emankorra,  sakandarrek podiumeko goi postuak bete baitituzte.

Batetik, larunbatean,  XXIV. Zeberio Saria jokatu zen, aldi berean Euskadiko Kadeteen Txapelketa zena (59,9 km). Kadeteak bi taldetan banatuta ibili ziren, lehen urteko kadeteena eta bigarren urtekoena. Lehen urteko kadeteen txapelketa Ulma taldeko Aimar Erostarbek irabazi zuen (1:34:54), esprintean. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar 4 .a sartu zen, eta Aralar klubeko Intersport Irabiako Martzel Etxeberria 8 .a, biak txapeldunaren denbora berean. Jon Erdozia (I.I.), aldiz,  51.a iritsi zen.

Bigarren urteko kadeteen txapelketa guztiz sakandarra izan zen. Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi eta Intersport Irabiako Aitor Alberdi biak batera iritsi ziren helmugara, eta bien arteko lehia estuan Mintegik lortu zuen gailentzea eta Euskadiko txapelduna izatea (1:33:44). 1:32ra El Caserio-Valsay taldeko Imanol Garcia sartu zen, eta atzetik tropel nagusia, 2:02ra. Unai Aznar (Q.A.) 7.a iritsi zen eta Igor Arrieta (I.I.) 11 .a.
Beraz, Iker Mintegi Euskadiko txapelduna dugu eta Aitor Alberdi txapeldunordea.


Arrieta txapeldun Undianon
Hurrengo egunean kadeteek Undianora jo zuten, Lacturale Trofeoa jokatzera (58 km). Intersport Irabiako Igor Arrieta txirrindularia ezin hobeto aritu zen eta lasterketa irabazi zuen, helmugara bakar-bakarrik helduta (1:34:01). 55 segundora Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar sartu zen, eta 2:20ra Intersport Irabiako Aitor Alberdi eta Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar. Beraz, Undianoko podiuma sakandarra izan zela ezin da ukatu. Proba irabazteaz gain, Igor Arrietak mendiko txapelketa eta tartekako helmugena irabazi zituen.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Q.A.) 9.a sartu zen, bezperan Euskadiko txapelketa irabazi zuen Iker Mintegi (Q.A.) 18.a, Jon Erdozia (I.I.) 32.a, Migel Gil (Q.A.) 33.a eta Mikel Lizasoain (I.I.) 35.a. Talde onena Quesos Albeniz izan zen eta bigarrena Intersport Irabia.

Txikienak Urdiainen eta Erripagañan
Kategoria txikietako txirrindulariek, kadeteek bezala, asteburu betea izan zuten. Larunbatean Urdiainen aritu ziren eta, igandean, Erripagainan. Burunda eta Aralar klubetakoek lan bikaina egin zuten.