Belarriak goxatu BEIETZ

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2018ko uzt. 6a, 08:15

kolaboratzaileak

Belar moztu berriaren usain gozoz datorkigu doinu xarmant eta alaien festatxoa Aralar eta Andimendiaren orbanaren zola batetik. Arbizun berriki sortu Beietz zazpikoteak udako berogaldak freskatuko dizkigu bere proposamen parrandazale eta zeltikoaz.   

Aspaldi samarretik ez genuen folk asmo berririk aditzen bazter hauetan. Oso urrun eta ezezagun gelditu dira 80ko hamarkada amaierako Ortzi talde mitiko eta ausartaren abesti eder haiek, eta bide nabarrean esan dezadan Interneten ezin izan dudala “Haizearekin batera“ abestiaren arrastorik aurkitu.

Egia da urte haiek biziki emankorrak gertatu zirela folkaren alorrean. Oskorriren  urrezko garaia izan genuen huraxe. Ganbara, Txanbela, Sorotan Bele taldeak indartsu zetozen. Balada ederrak, biribilketa ezin alaiagoan dantzatzeko piezak, konposizio bikain eta biziak... Hitz, melodia zein apainketetan  kalitate izugarria erdietsi zuen jatorri zeltako euskal folkak sasoi hartan.

Geroztik trikipop-ak, skak edota naparmex-ak plazetako eta uhinetako nagusitasuna bereganatu zuten parranda girotzeko eta festa astintzeko tenorean eta egia esatera abesti zein disko zoragarriak eskaini dituzte hainbat taldek.

Bada, Arbizuko plaza udako festen garaia mustutzen duena izaki, agertoki paregabea dugu berau, talde honen emari zoragarri eta  jostaria ezagutzeko eta disfrutatzeko. Nik badok.eus bitartez hiru ale entzuteko parada uraittu dut, “Bihotza gara“, “Mixina marrau“  eta “Sinesten dizut“ hain zuzen, eta badaitort abesti gehiagoren irrikaz gelditu naizela. Bejondeiela arbizuarroi, ea sarri (eta sarritan) plazak xoratzen, erotzen eta dantzarazten ikusten ditugun. Eta bide batez, arbizuarrez abesturiko kantarik bai?