Zaintza lanetarako egiaztagiri profesionala

Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2018ko uzt. 6a, 08:07

kolaboratzaileak

Apirilaren hasieran Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Errealitate Sozialaren Behatokiak inkesta bat burutu zuen. Galdetegiaren helburua izan da jakitea Nafarroan mendekotasun egoeran dauden pertsonen artean zenbatek behar dituzten kanpoko langileak zaintza lanak egiteko, zenbat ordutarako, kontratua egiten dieten eta baita zenbat ordaintzen dieten ere.
Emaitzak argiak dira: %45ek familiakoa ez den pertsona bat dauka bere zaintzarako eta hauetako gehienak 24 ordutarako langileak dira.
Diru-laguntzak  jasotzen dituztenen artean %65ek kontratupean daukate zaindaria eta %25ek kontraturik gabeko langileak dituzte. Ikusi da zenbat eta handiagoa dependentzia gradua orduan eta handiagoa dela kontratuen ehunekoa. Enpresak kontratatzen dituztenak gutxiago dira (%5). Eta soldatei buruz hitz egiten badugu tartea 800 eta 1.200 euroren artean dago batez bestekoa.
Zer dela-eta ikerketa hau? Giza Eskubideen Departamentuak abian jarri du behin-behineko egiaztagiri profesionala, edo lanerako gaitasun aitortza ematea zaintzaileei eta ikertzen ari da bide batez diru-laguntzak handitzea egiaztatuta dagoen pertsona bat kontratuz gero.
Beraz, martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpenean jasotzen den bezala, behin-behineko egiaztagiri profesionala jaso dezakete 3 urteko gutxieneko lan esperientzia ziurtatzen duten pertsonek –adin mugarik ez dago–, eta 2000 ordu aurreko 12 urtetan aukeratutako lan kategorian edota, gutxieneko eskarmenturik ez izanda lan kategorian 300 orduko formazioa daukatenek.
Egiaztagiria eskatu egingo da eta estatu osorako balio izango du.
Behin-behineko lanerako aitortza hau eskatzen dutenek ebaluazio edota formaziorako egingo diren saioetan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute eta interesgarria da azpimarratzea etxeetan, zaintza lanetan egon direnek edo daudenek ere eskatu dezaketela lanerako aitormena betiere kualifikazioa lortzeko antolatzen diren formazio saioetan parte hartzen badute.