"Esperientzia zoragarria izango da sanferminetako kontzertua”

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 12:52

Atzapar Rock taldeko kideak gazteak dira, oso gazteak. 14 eta 15 urte dituzte. Hala ere, esperientzia dute agertokiaren gainean

Sarabe Begiristain taldeko abeslaria da; Ekhi Erauskinek gitarra jotzen du; Aitzol Gartzarainek tronpeta, abestu eta kanta batean gitarra jotzen du; Ander Goikoetxea bateria-jolea da; Luken Goikoetxeak baxua jotzen du eta koroak egiten ditu eta Asier Solisek gitarra jotzen du. Atzapar Rock talde osatzen dute sei gazteek.

Nola sortu zen Atzapar Rock taldea?
Asier eta Ander etxean asperturik zeuden eta esan zuten: talde bat egingo dugu. Ekhiri deitu zioten beste gitarra bat behar zutelako eta halaxe sortu zen. Aitzolek garai horretan Altsasuko Haize Berriak bandan jotzen zuen, eta taldean sartu zen. Bat-batean kanta bat bururatu zitzaion eta horrekin hasi zen guztia. Duela bi urte inguru sortu zen taldea.

Musika eskolan ikasten zenuten?
Bai. Eta horregatik sartu zitzaigun talde bat sortzearen ideia. Musika asko gustatzen zaigu.

Nola jarri zineten martxan?
Hasieran bertsioak jotzen genituen, AC/DC taldearen abestiak eta gustatzen zitzaizkigun abestien bertsioak. Gero gure abestiak sortzen eta asmatzen hasi ginen. Orain gure abestiak jotzen ditugu bakarrik, bertsioak bi lehenengo asteetan jo genituen bakarrik.

Zenbat abesti sortu dituzue?
Momentuz hamahiru abesti egin ditugu. Laster diskoa kaleratuko dugu. Oraindik pixka bat itxaron behar dugu, baina laster kaleratuko dugu. Abesti gehiago sortzen ari gara, baina ez dakigu noiz mustuko ditugun. Udako kontzertuetarako prest izatea espero dugu.

Zer nolako musika estilo gustatzen zaizue?
Rocka eta metal beltza. Egia esan denetarik gustatzen zaigu, baina beti rockaren inguruan. Gure abestiak ere estilo horretakoak dira: rocka, ska melodia dutenak ere badira...

Gurasoek nola hartu zuten? Zer esan zizueten?
Ez ziguten ezer esan. Gu elkartzen eta entseatzen hasi ginen, gitarra eta bateria hartu genituen eta aurrera egin genuen. Hala ere, gazteak garenez gurasoen laguntza behar dugu, eta hori ez zaie hainbeste gustatzen. Pozik eta kontentu daude, baina beste aldetik autoa hartu behar izatea eta hemendik hona ibiltzea ez zaie hainbeste gustatzen. Baina, ongi.

Agertokiaren gainean esperientzia duzue.
Hamar bat kontzertu egin ditugu orain arte. Eta udarako momentuz hiru kontzertu ditugu hitzartuta.

Haietako bat sanferminetan izango da, Nafarroa Oinezeko txokoan, zer espero duzue kontzertu horretaz?
Ongi ateratzea espero dugu. Esperientzia zoragarria izango da. Erakusleihoa izango da eta dena ematera joango gara. Esan ziguten unea oso potentea izan zen.

Kontzertuetan zerbait berezia egiten duzue?
Duela gutxi hasi gara antzerki moduko bat egiten. Txorakeria bat da. Ander baterian igotzen da eta denak kuzkurtzen gara...

Gero eta ezagunagoak zarete.
Batzuek gure abestiak ezagutzen dituzte eta abesten dituzte. Zaleak ditugula esan daiteke.

Lagunek zer esaten dizuete?
Oso ongi gaudela. Gure musika gustatzen zaie eta gure egoerara ohitu dira.

Zenbat entseatzen duzue?
Kontzertuak ditugunean hiru aste aurretik elkartzen gara, ia egunero. Kontzertua prestatzeko buru-belarri aritzen gara. Eta kontzerturik ez badago astean behin biltzen gara, larunbatetan normalean.

Hainbeste entseatu behar izatea, sakrifizioa da zuendako?
Gustora egiten dugu. Entseatzen dugu eta ongi pasatzen dugu.