Bueltan dira gazteei zuzendutako Ur Festa Goxoak

Guaixe 2018ko uzt. 5a, 15:13
Aurreko urte batean egindako Ur Festa Goxo bateko argazkia.

Gazteei sexualitatearen "ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarria" eman nahi diete.

Asteartean Irurtzungo igerilekuan Ur Festa Goxo egin zen. Gaur, 21:00etatik aurrera, Uharte Arakilgoan izanen da. Gazteek ezohiko orduan, iluntzean, igerilekuan bainua hartzeko aukera izan zuten. Ondoren afaldu, hainbat jolasetan aritzeko aukera izan eta txokolate beroa dastatzeko aukera izan zuten. Garilean halako beste hiru ospakizun eginen dira: garilaren 17an Altsasun, 18an Etxarri Aranatzen eta 26an Lakuntzan. Altsasuko festan egitaraua zabalagoa izanen da. Hartan aniztasun funtzionalak dituzten Sakanako gazteek dantza ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, La Furia rap kantaria ariko da.

Ur Festa Goxoak 12 urtetik gorako nerabe eta gaztetxoendako zuzendutako "esperientzia ludikoak" dira, Sakanako Gozamenez Batzordeak antolatu duena. Haien bidez gazteen artean "sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik landu" nahi dute. "Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida" sustatu nahi dute antolatzaileek, "gazteen artean eta baita gazteen eta haien bitartekarien artean ere (familia, ikastetxea, komunikabideak...). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi dugu, gune publiko eta ohikoetan".

Batzorde antolatzailea honakoek osatzen dute: Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariak, Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzailea,  Etxarriko kultur teknikaria eta Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikaria.