Argindar mikro-mozketekin nola bizi

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 10:06

Olatzagutia eta Ziordiko industrialdeak Larrazkizetik.

Nafarroako Gobernua horien inguruko “informazio asko, sentsibilizazioa eta prebentzio neurrietarako aholkularitza” ematen ari da

Sakanako Enpresarien Elkarteak kexu dira argindar mikro-mozketek ekoizpenean eragiten dutelako. Horretaz galdetuta, Ekonomia-Garapenerako lehendakariorde Manu Aierdik jakinarazi digunez, “legegintzaldi hasieran horretaz hitz egin genuen hemengo enpresariekin. Ez da Sakanan bakarrik gertatzen den zerbait”. Azaldu digunez, gaiaren inguruko akordioak sinatuak dituzte Iberdrolarekin eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioarekin.

Aierdik arazoa zehazki zertan datzan azaldu digu: “teknologia berriekin gero eta elektronika gehiago erabiltzen dute enpresek. Mikro-mozketa oso txikia izanda ere hori oso arazo handia da: dena bertan behera erortzen da eta gero guztia berrabiaraztea arazoa da. Lehen gauzak mekanikoak ziren, ez hainbeste elektronika eta argindar mikro-mozketek ez zuten halako ondoriorik. Baina, bestetik, egoera batzuetan, araudiak argindar mikro-mozketak baimentzen ditu, legezkoak dira”.

Kontseilariak gaztigatu digu Nafarroako Gobernua hitzarmenekin enpresei, bereziki txikiei, informazio asko ematen ari dela. Enpresariei ere aholkua eman die: “Badirudi teknikoki ezin dela bermatu sekula ez dela mikro-mozketarik izanen. Beraz, agian mikro-mozketen ondorioak eragozteko argindar emaria ziurtatzen duen tresna bat jartzeko inbertsioa egin beharko dute”.

Industrialdeak
Aierdiri ere gogorarazi genion enpresariak poligonoen egoeraz ere kexu direla eta nabarmendu zuen  Irurtzunen egindako lana: “Inasako poligonoa guztiz berreskuratu dugu. Inbertsio handia egiten ari gara. Beste herrietako udalekin ere ari gara. Altsasun gauza txiki bat dugu. Beste alkateekin ere hizketatzen ari gara. Inasakoa adibide sendoena izan da eskualdean. Baina ez bakarra. Arbizun gauza batzuk konpontzeko diru-laguntza eman dugu. Ari gara”.