Auzi baten ondorioz zehaztu zen Arbizuko dermioa

Guaixe 2018ko uzt. 10a, 09:21

Arbizuko ikuspegia.

Aranatz Elkartearen eta Arbizuko kontzejuaren arteko XVI. mendeko epaiketa baten ondorioz izan zela jaso du Jose Luis Erdozia Mauleonek artikulu batean.

Nafarroako Gobernuak argitaratu berri du Principe de Viana aldizkariaren 269 zenbakia. Bertan hainbat artikulu jasotzen dira, tartean Jose Luis Erdozia Mauleon Euskal Filologian doktore eta Geografian eta Historian lizentziatuarena. Etxarriarrak Auzia Aranatzen XVI. mendean: herri lurrak, kontzeju edo batzarrak eta zenbait datu onomastiko eta demografiko izenburua duen artikulua idatzi du.

Lan horretan 1533ko irailaren 24tik 1537ko irailaren 12ra arte iraun zuen Arbizuko mugarritzea izeneko epaitegi-gatazkaren berri ematen du. Etxarri Aranazko udal artxibategiko XVI. mendeko dokumentu batetik jaso du horren berri Erdoziak. Aranatz Elkartearen eta Arbizuko Kontzejuaren arteko gatazka izan zen. Zehazki Etxarri Aranatzek eta Ergoienak Arbizuko bederatzi pertsonari eta herriari berari jarritako salaketa jaso du Erdoziak.

Salaketa
Arbizuren ondoan zeuden lur batzuengatik izan zen. Aranazko Elkarteak Faltzesko Martin de Rada abeltzainari Aranazko larreak alokatu zizkion Arbizuren ondoan. Herri lurren aprobetxamendua normalean bertakoendako zen, baina ohikoa zen batzuetan kanpotarrei ematea. Eta Erribera aldean komunal gero eta gutxiago zeudenez iparralderantz igotzen ziren hango abeltzainak lurrak alokatzeko.

Etxarriarrek eta ergoendarrek alokairuaren bitartez etekina atera nahi zieten Aranatz Elkarteko herri lurrei. Arbizuarrak, ordea, ez zeuden horrekin ados. Ereiteko lur-sail zabalagoak behar zituzten, bertan bizi eta iraun ahal izateko. Guztia populazioa handitzen ari zen testu-inguruan gertatu zen. Aranazko Elkartekoek salatu zutenez, arbizuarrek alokatutako lurretan zegoen artaldea uxatu, bi ardi hil eta Migel Garde artzainari kapusaia lapurtu zioten. Arbizuarrek halakorik egin zutenik ukatu zuten, lur haiek haienak zirela argudiatu zuten.

Epaiak aranaztarrei euren eremuan belarrak eta urak saltzeko eskubidea aitortu zien. Baina eskatu zuen Arbizu inguruko lur eremua zehazteko. Horretarako batzordea osatu zuten eta, azkenik, Arbizuko udalerriaren mugak zehaztu ziren eta 26 mugarri jarri ziren. Mugarri horiek jartzeko ardura Lakuntzako alkateari eman zioten eta hark lana egiteko bost lakuntzar izendatu zituen.

Erdoziak artikuluan Arbizuko, Ergoienako eta Etxarri Aranazko batzarretan parte hartu zutenen eta epaia gauzatu zuten lakuntzarren izen-abizenak ematen ditu. Izen eta abizenen azterketa ere jaso du artikuluak. Etxe izenen zerrenda ere gaineratu du. Baita zalantzazko jabetza ziren hainbat dermioren toponimoak eman ere. Erdoziak haien gutxi gorabeherako kokapena zehazten duen mapa egin du. Garaiko herrien populazioa zenbatekoa litzatekeen ere gaineratu du.