Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi du goi tentsioko argindar sarearen kontrako mila hautetsiren babesa jasotzeko kanpaina hasi duela. Dagoeneko plataformak sustatutako adierazpenarekin 300 hautetsik bat egin dute. Haien artean 40 alkate daude. Sinatzaileen artean hautetsi sakandarrak daude. Iraila bitartean lortu nahi dituzte 1000 babesak eta hilabete horretan bertan linea berria egiteko proiektua bertan behera uztea eskatzeko batzarra eginen dute.
Plataformak gaztigatu duenez, REE SA enpresak hirugarrenez aurkeztu du Itsaso eta Deikaztelu artean goi tentsioko argindar linea egiteko proiektua. Duela hamarkada bat aurkeztu zuen aurrena. Hori eta beste bat bertan behera gelditu zirela gogorarazi zuten. "Zer gehiago egin behar dugu gehiengoaren borondatea errespetatzeko? Proiektuarekin segitzea herritarren zilegizko ordezkariei burla egitea litzateke". Egun dauden azpiegiturak optimizatzearen eta proiektuak hartzen dituen eskualdeetako hornidura hobetzeko planak betetzearen alde agertu ziren.
Plataformako bozeramaile Alberto Friasek esan duenez, enpresak bere hiru proiektuak justifikatzeko hainbat argudio erabili ditu; “benetako helburua elektrizitate multinazionalen irabaziak handitzea da, gure lurraldea euskarri hutsa bihurtuz”. Friasek gaineratu zuenez, “nergia, ingurumen eta gizarte kontsiderazioez aparte, Deikaztelu-Itsaso proiektua sistemaren osasun demokratikoaren test bilakatu da, gobernuen enpresa elektrikoekiko mendekotasunarena”. 1000 baietz ekimenak Hego Euskal Herriko gobernuak “euren kontraesanen ispiluaren parean jarri nahi ditu, zerbait esaten duten arte”.