Latekin eta ontziekin entseatzeko aukera

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 09:07

Nafarroako Hondakinen Lege berrian horiek depositu-sistemaren bidez jasotzea aurreikusten da, hau da, dendara bueltatu eta haiengatik dirua jasotzea. Sistema ezagutarazteko kanpaina egiten ari dira ekologiako eta zirkulu-ekonomiako erakundeak

Nafarroako Hondakinen Lege berrian jasoa dago "ez dela ezta lata bat ezta botila bat bera ere galduko. Denak bueltatu beharko dira, eta berriro berrerabiliak izanen dira. Zirkulu-ekonomia eredu horrek Nafarroa jasangarritasunean, berrerabilpenean eta birziklatzean nazioarteko erreferente bihurtuko du". Hala dio Eusebio Martinez dela Casa, Recircula elkarteko sortzaileak.

Greenpeaceko Ana Malonek azaldu digunez, ontzi arinak dendetara bueltatuz jendeak "kontzientzia handiagoa hartzen du. Hondakinek ez dute botata bukatzen eta ingurumena kaltetzen. Horrela jasota kalitate handiko lehengaia lortzen da, zirkulu-ekonomian sartzeko balio duena, eta ez dugu baliabide berririk erabili behar". 2017-2027 Nafarroako Hondakin Planean eta legean latak eta botilak dendetara bueltatzea aurreikusten dela esan digu. Bi urteko probako aldiaren ondoren herrialde guztira zabalduko dela jakinarazi digu.

Aipatu bi erakundeak Ekologistak Martxan, Emausko Trapuketariak, 3 R konpainia, Accion Clima, eta Retorna erakundeekin batera Nafarroa, bueltatzearen alde kanpaina ari dira egiten foru komunitatean barna. Eta herenegun Altsasun eta atzo Etxarri Aranatzen izan ziren. Haiengana hurbiltzen zenak eta makinan botila bat edo lata bat sartzen zuenak 10 zentimo jasotzen zituen trukean. Atzerriko 40 herrialde eta eskualdetan martxan den sistema gutxi barru Nafarroan izanen dela azaldu zuten eredu bera praktikan jarriz.

Iritziak
Sakanako Mankomunitateko presidente David Orozek aurkezpenean esan zuenez, "hondakinak ahalik eta berezituen iristea lortu behar dugu, kalitate altuko birziklatzea lortzeko. Depositu-sistemak asko laguntzen du latak eta botilak bereiztean".  Altsasuko alkate Javier Ollok nabarmendu zuenez, egungo sistemaren osagarri diren ekimenekin "herriko paperontziak hustuago egonen dira eta horrek udalari aurreztea ekarriko dio". Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek, azkenik, esan zuen "bueltatzekoak diren ontziak berriro erabiltzeagatik pozik" zegoela. Foru Lege berriak dioenarekin bat datorrela gaztigatu zuen.