Munduko ikuskizuna hastear!

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 10:21

Bihar hasiko da Frantziako Tourra eta bertan lehiatuko dira Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre txirrindulariak. Jose Luis Arrieta Movistar Team gidatzeko lanetan ibiliko da

Iritsi da. Azkenean. Munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena hastear dago. Bihar abiatuko da Frantziako Tourra, Vendéen, Loiran. 22 taldek hartuko dute parte, 21 etapa jokatuko dira eta garilaren 29an despedituko da La Grande Boucle, Pariseko Champs-Élysées etorbidean. Txirrindularitza  zaleendako gozatzeko uneak iritsi dira, bereziki Alpeetako eta Pirinioetako etapetan, eta bertako etapak zuzenean jarraitzera hurbilduko dira sakandar asko.

Tourrean parte hartzen sakandarrak ere izango ditugu. Movistar Team taldeko zuzentzaile lanetan ibiliko da beste behin Jose Luis Arrieta uharte arakildarra. Bere esanetara hiru lider –Nairo Quintana, Alejandro Valverde eta Mikel Landa– izango ditu, eta haiendako lan egingo dutenen artean egonen da Imanol Erbiti. Hiriberriko txirrindulariarendako aurtengoa bere 9. Tourra izango da jarraian. Erbitik Tour guztiak despeditzea lortu du 2012koa izan ezik. 34 urte ditu Erbitik, eta tropelean talde gizon oso preziatua da, ezkutari fidel eta fina. Tourrarekin bere 20. itzuli handiari ekingo dio, aipatu Tourrez gain, 2006ko Giroan eta Espainiako 10 Vuelta egin baititu, guztiak jarraian, 2007tik 2016ra. Bere palmaresean Errioxako Vueltako eta Espainiako Vueltako bi etapa garaipen ditu, bata 2008an eta bestea 2010ean.

Eta aurreko urtean Erbitiren taldekide zen Gorka Izagirre aurten ere Tourrean izanen da, baina beste talde batekin ariko da, Bahrein Merida taldearekin. Espainiako txapelduna den Ziordiko bizilagunak bere anaia Jon izango du taldekide eta Tourreko gorenean egon nahi dute biek.

Ezinbesteko etapak
Adituen esanetan, aurtengo Tourreko etapa erabakigarrienak honakoak dira: uztailaren 9ko Choleteko 35,5 km-ko erlojupekoa; uztailaren 15ekoa, Arras eta Roubaix arteko galtzadarrien etapa; uztailaren 17, 18 eta 19koak, Alpeetakoak; uztailaren 22koa, Millau eta Carcassone arteko mendiko etapa; uztailaren 24, 25 eta 27ko etapak, Pirinioetakoak; eta uztailaren 28ko etapa, Ezpeletako 31 km-ko erlojupekoa.