Nafarroako selekzioa sakandarrez lepo

Guaixe 2018ko uzt. 5a, 16:23

Garilaren 6tik 8ra Ourensen jokatuko diren eskola mailako Espainiako Txapelketetan Burunda klubeko Unai Aznar, Iker Mintegi, Nahia Imaz eta Mikel Unzilla, Aralar klubeko Igor Arrieta eta Aitor Alberdi eta Nafarroa Ermitagañako Maria Beraza ariko dira

Garilaren 6tik 8ra eskola mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatuko dira Ourensen eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioak kadeteen eta haurren mailako Nafarroako selekzioak prestatu ditu, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.

Nahia Imaz eta Maria Beraza
Emakumezkoetan, Burunda klubeko Nahia Imaz txirrindularia emakumezkoen Nafarroako haurren selekzioan ariko da, Goretti Sesma, Laia Puigdefabregas eta Saioa Organbiderekin batera. Bestalde, Nafarroa Ermitagaña taldeko Maria Beraza uhartearra kadete mailako Nafarroako selekzioan ibiliko da, Amaia Esparza, Idoia Eraso eta Blanca Berrueta txirrindulariekin. Aipatzekoa da txapelketa prestatzeko larunbatean Solorzanoko lasterketan hartu zuen parte emakumezkoen Nafarroako selekzioak eta haurren mailan Nahia Imaz zazpigarrena sailkatu zen.

Sakandarrak selekzioaren oinarri
Gizonezkoetan haurren mailan sakandar bakarra ariko da Nafarroako selekzioan: Burunda klubeko Mikel Unzilla. Ibai Azanza, Ekai Morras eta Xabier Zabala izango ditu taldekide. Kadeteen mailako Nafarroako selekzioan aipatzekoa da bost kideetatik lau sakandarrak direla: Burunda klubeko Iker Mintegi eta Unai Aznar eta Aralar klubeko Igor Arrieta eta Aitor Alberdi, hain zuzen ere kadete mailako tropelean puntan dauden txirrindulariak. Zorterik onena opa diegu guztiei.