San Fermin Torneo arrakastatsua abian

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 12:25
Ezkurdia eta Rezusta iazko txapela defendatuko dute.

Feriako 9 jaialdietatik 6rako sarrerak agortuta daude. Ezkurdia-Rezusta txapeldunak iazko txapela defendatzen saiatuko dira eta Irribarria-Zabaletak eta Altuna III.a-Martijak txapel hori kentzeko ahaleginak egingo dituzte

San Fermin Pilota Torneoa beti izan da tradizio handikoa eta arrakastatsua. Labrit pilotalekua sanferminetako bihotzean kokatua dago eta pilotara joatea festaren parte bat da. Horren isla da sanferminetarako antolatu diren 9 jaialdietatik 6tarako ez dagoela sarrerarik, agortuta daude. Erredakzio hau ixterakoan soilik astearte, asteazken eta osteguneko jaialdietarako kantxako sarrerak (35 euro) eta tente egoteko pasilloetako sarrerak gelditzen ziren. Hurrengo ostiraleko ardoaren desafioaren jaialdirako sarrerak ere agortu dira.

Hortaz, Asegarce eta Aspe oso kontentu egon daitezke XLIV. San Fermin Torneoak piztu duen interesarekin. Enpresek torneo oso entretenigarri eta lehiatua aurkeztu dute eta jaialdi ikusgarria espero da.

Ezkurdia-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija
Sanferminetako Binakako Torneoan sei bikote lehiatuko dira guztira. A multzoan honako bikoak daude: Olaizola II.a-Imaz, Irribarria-Zabaleta eta Arteaga-Albisu. Eta B mailan, aldiz, Ezkurdia-Rezusta, egungo txapeldunak, Urrutikoetxea-Larunbe eta Altuna III.a-Martija.

Ezkurdia eta Rezusta iazko txapela defendatzen saiatuko dira, eta gainontzeko bikoak, aldiz, txapel hori lortzen. Zabaleta izango da lanean hasiko den lehen sakandarra. Bihar, uztailaren 7an, Irribarriarekin bikoa osatuz, Arteaga II.a eta Albisu izango dituzte aurkari (larunbatean, 17:30ean). Ezkurdia eta Rezusta txapeldunak igandean sartuko dira lehian, Urrutikoetxea eta Larunberen kontra (igandean, 17:00etan, ETB1).  Eta Altuna III.ak eta Martijak uztailaren 10ean, asteartean, ekingo diote sanferminetako torneoari, igandeko jaialdiko galtzaileen kontra (asteartean, 22:15ean).

Bakaikoa eta Lasa ere lanean
Joanes Bakaikoak eta Adur Lasak ere sanferminetarako antolatutako jaialdietan hartuko dute parte.