Labrit pilotalekua goraino beteta eta sanferminetako giro bereziarekin jokatzen ari dira sanferminetako Binakako Torneoko partidak. Larunbatean ekin zitzaion Binakakoari, Irribarriak eta Zabaletak Arteaga II.aren eta Albisuren kontra jokatutako partidarekin. Gorabeheratsua izan zen lehia. Hasieran 7 eta 0 aurreratu ziren Irribarria eta Zabaleta. Albisuk hainbat akats egin zituen eta urduritasuna kutsatu zion bere bikoteari, aurten sanferminetako ferian debutatu duen Arteaga II.ari. Aspekoek aldea ateratzen jarraitu zuten eta 15 eta 7 aurreratu ziren, baina Irribarriak beheralditxoa izan zuen, Arteaga errematatzen hasi zen eta Asegarcekoek markagailuari buelta eman zioten, 17 eta 18. Egoera horretan Zabaletak hartu zuen agintea. Bi tanto segidan egin zituen, 19ra berdintzea lortu zuen eta une horretan nerbioei eustea lortu zuen Etxarrengoak. Irribarriak sakez lortutako tantoarekin 22 eta 19 irabazi zuten Zabaletak eta Irribarriak.
Igandean kantxara atera zirenak iazko sanferminetako txapeldunak, Ezkurdia eta Rezusta izan ziren. Urrutikoetxea ordezkatu behar izan zuen Bengoetxea VI.a eta Larunbe izan zituzten aurkari. Bezperan Sanferminetako lau t’erdia irabaztetik zetorren leitzarra, eta azken orduan prozesu birikoa izan zuen Urrutikoetxea ordezkatu behar izan zuen. Ezkurdiak eta Rezustak atzera ere txapela lortzeko hautagai sendoak direla erakutsi zuten, partida ikusgarrian 7 tantotan utzi baitzituzten Bengoetxea VI.a eta Larunbe. Oinatzek asko arriskatu zuen, baina kasu honetan ez zitzaion ongi atera. Aldiz, oso serio aritu ziren Ezkurdia eta Rezusta eta ez zuten apenas akatsik egin. Atzeko koadroetan Rezustak agindu zuen eta Ezkurdiak abiadura handiarekin mugitu zuen pilota. Horrela, Aspekoak aldea ateratzen hasi ziren eta 4 eta 10etik 4 eta 17ra joan ziren segidan. Errenta ateratzen jarraitu zuten eta, azkenean, 7 eta 22 irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak.
Altuna III.a eta Martija, bihar
Sanferminetako Binakakoan gaur, astelehenean, 22:15ean hasiko den jaialdian, Olaizola II.ak eta Imazek Arteaga eta Albisu izango dituzte aurkari. Julen Martija, aldiz, asteartean sartuko da lehian. Etxeberrikoak Altuna III.arekin osatuko du bikoa, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra jokatzeko. Irribarriak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari asteazkenean, eta Ezkurdia eta Rezusta ostegunean ariko dira Altuna III.aren eta Martijaren kontra.
Bakaikoa eta Lasa
Larunbateko jaialdian Joanes Bakaikoak eta Eskirozek 18 eta 17 irabazi zieten Ugalderi eta Martinezi. Eta, igandean, Elordiri eta Lasa IV.ari 10 eta 18 irabazi zieten Peña II.ak eta Iturriagak. Gaur, 22:15ean hasiko den jaialdia zabaltzen duen partidan Bakaikoak eta Ladis Galarzak Dario eta Jaunarena izango dituzte aurkari, eta asteazkenean Erasunekin osatuko du bikoa Bakaikoak, Mendizabal III.aren eta Irustaren kontra jokatzeko. Lasa IV.ari dagokionez, ostegunean ariko da, Dariorekin, Peña III.aren eta Eskirozen kontra.