Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuak hala eskatuta, Nasuvinsa-Lursareak Nafarroa Atlantikoari dagokion Lurraldearen Antolamenduko Planaren (LAP 2) Paisaia-dokumentua egiten ari da. Izaera teknikoa daukan dokumentua da eta haren helburua antolamenduaren ikuspegitik, paisaiaren kudeaketa eta antolaketarako tresna bezala erabiltzea da. “Paisaiaren kalitate helburuak, hobekuntza ekintzak eta neurriak ezartzea” da helburua.
Lan hori egiten den aldi berean Paisaiaren Ikuspegi Soziala lortzeko prozesu paraleloa egiten ari dira. Eta, horren barruan, Nasuvinsa-Lursarea parte-hartze foroak antolatzen ari da. Hartara aukeratutako hainbat eragile gonbidatu ditu. Baina nahi duten herritarrek ere parte hartu dezakete. Azken finean, foroaren bitartez herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, “garrantzitsuak eta beharrezkoak” jotzen dituztelako.
Halako galderak erantzuteko aukera izanen da: zenbateko balioa du herrigunetik gertu dagoen ondo mantendutako ibai-erribera batek? Eta mendixka batean dagoen baseliza batek? Nola eragiten dio paisaiaren inguruan duzun pertzepzioari ibar bat gurutzatzen duen errepide berri batek? Etorkizunean zein paisaia nahiko zenuke zure seme-alabek begiratzea?
Nafarroako Paisaia Estrategia
Europako Paisaiarako Hitzarmenaren arabera, naturaren eta gizakiaren arteko elkar-ekintzaren emaitza da paisaia, eta lurraldeko edozein eremuri dagokio, bertako biztanleek nabaritzen duten moduan. Integrazio-ikuspuntua kontuan hartzen du paisaiak eta, beraz, natur- eta landa-inguruaz aparte, hiri-eremua eta hiri ondokoak ere jasotzen dira bere baitan. Eta paisaia bereziez aparte, paisaia arruntak eta degradatuak ere bai. Testuinguru horretan, garapen baliabide garrantzitsua osatzen dute paisaiek eta berari lotutako balioek; eta lurralde antolamendu politika egoki batek ezin ditu baztertu. 2015ean egindako aldaketan, Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Foru Legeak Nafarroako Paisaia Estrategia egitera premiatzen du Nafarroako Gobernua, Europako Paisaia Hitzarmenaren orientazioak jarraituz; eta Nafarroako hainbat paisaia kudeatzeko tresna multzoa egitera premiatzen du ere.
Lehenbailehen izena eman
alertxundi@basoinsa.com e-postara idatzi edo 696 425 226 telefonora hots eginez (Angel Lertxundi).