Atzo debutatzen zuten sanferminetako Binakako Torneoan Joseba Altunak eta Julen Martijak. Bikoak Bengoetxea VI.a eta Aretxabaleta izan zituen aurkari. Bengoetxea ez zen jokatzekoa, baina mononukleosia duen Urrutikoetxea ordezkatzeko sartu zen lehian leitzarra. Partida ongi hasi zen Altunarendako eta Martijarendako, aurretik jarri baitziren, baina 12 eta 8 irabazten zutenean Altuna kexatzen hasi zen eta lunbalgia tarteko, frontoia utzi behar izan zuen. Horrela, garaipenaren puntua Bengoetxea VI.arendako eta Aretxabaletarendako izan zen.
Ostegunean jokatzekoak dira Altuna III.a eta Martija, Ezkurdiaren eta Rezustaren kontra. Ez dakigu oraindik Altuna osatuko den edo, behar izanez gero, zein izango den bere ordezkoa.
Irribarria eta Zabaleta, gaur
Gaur, asteazkenean, 22:15ean hasiko den jaialdiaren barruan Jose Javier Zabaleta ariko da lanean sanferminetako Binakako Torneoan. Etxarrengoak Irribarriarekin osatuko du bikoa eta Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari. Irabaztetik datoz Irribarria eta Zabaleta eta, galtzetik, aldiz, Olaizola II.a eta Imaz. Hortaz, lehia bizia espero da gaur gauean Labriten. ETB1ek eskainiko du jaialdia.