Atzo XX. San Fermin Motozerra Saria jokatu zen sanferminetan, Iruñean. Hiru partaide izan zituen txapelketak: Mikel Lasarte irurtzundarra, Sakanako harrijasotze eskolako zuzendaria; Peio Kañamares eta Juan Asin. 30 minutuko bi txanda izan zituzten eta txanda bakoitzean irudi bat egin beha izan zituzten. Juan Asin izan zen txapelduna, Mikel Lasarteren eta Peio Kañamaresen aurretik. Beraz, txapeldunordea dugu irurtzundarra. Bestalde, ostiralean, Mikel Lasartek erakustaldia eginen du: motozerrarekin egurrezko irudiak eginen ditu, Foruen plazan bildutakoen gozamenerako.
Gaur Sakanako trontzalariak eta herri kirolariak lanera
Gaur, uztailaren 11n, asteazkenean, herri kirolari sakandarrak lanean ibiliko dira sanferminetan, 12:00etatik aurrera, Iruñeko Foru plazan. Batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Iker Gorriti eta Jaime Gorriti aizkolari uhartearrak neurtuko dira, Eneko Pagola, Jacinto Etxekonanea, Marc Duch, Victor Suarez eta Emilio Garciarekin batera. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta onenek egingo dute aurrera txapelketan.
Ondoren, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. Bost bikote lehiatuko dira, tartean Iñigo Aritzako Inar Olabide-Adur Irigoien eta Andra Mari ikastolako Pello Altzelai-Adur Lizarraga eta Urtzi Galartza-Oinaz Carreño bikoteak. Haiekin batera Basaburua-Baztan taldeko Xuban Lakosta-Jon Irigoien eta Araxes taldeko Manex Saralegi-Oier Goñi lehiatuko dira, eta etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. Bukatzeko, kimuen proba konbinatu erakustaldia izanen da, Andra Mari ikastolak, Igantzik, Antsoainek eta Berriozarrek eskainiko dutena.