Asteburuan Txekiar Errepublikak junior eta 23 urtez azpiko mailetako Europako Txirrindularitza Txapelketak hartuko ditu, emakumezkoen eta gizonezkoen mailan. Gizonezkoetan, Espainiako junior mailako selekziorako hautatu dute, atzera ere, Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria. Iturmendiko txirrindularia denboraldi bikaina egiten ari da eta, berriki, Gipuzkoako Itzulia irabazi du.
Junior mailako errepideko lasterketan lehiatuko da Etxeberria, igandean, uztailaren 15ean, goizeko 09:00etan hasiko den 119 km-ko proban. Carlos Rodriguez, Ivan Cobo, Jon Barrenetxea, Pau Miquel, Jokin Murgialday izanen ditu taldekide, guztiak Paco Cerezoren aginduetara. “Ibilbide gogorra da, baina txirrindulari guztiak sasoi betean daude; azken hilabetetan lasterketak irabazten ari dira, eta maila horretan jarraituz gero, aurrean egoteko aukera asko dituzte” aipatu du selekzionatzaileak.
Etxeberria laugarrena Mendaron
Larunbatean junior mailako tropela Mendaron bildu zen, XI. Javier Ezenarro Oroitzapenean. Hiru txirrindularien artean erabaki zen garaipena eta Portabicis.com taldeko Andoni Azkarate gailendu zen (2:12:21). Laugarrena Josu Etxeberria izan zen, 15 segundora. Ailetz Lasa (Quesos Albeniz) 12.a iritsi zen, Javier Mitxaus (I.I.) 24.a, Jon Gil (El Caserio-Valsay) 32.a, Beñat Etxezarreta (I.I.) 51.a, Urko Gorriti (I.I.) 53.a, Andoni Urra (I.I.) 63.a, Iker Cerviño (I.I.) 68.a eta Imanol Galarza 74.a (I.I.).