Abizenak euskalduntzeko argibideak eman dituzte

Guaixe 2018ko uzt. 11a, 19:54

Irurtzungo plaza jendez beteta.

Abizenak agiri ofizialetan euskal grafiaz idaztea udaletxean edo erregistro zibilean egin daiteke.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Nafarroako Gobernuak euskal abizenak agiri ofizialetan erdal grafiaz idatziak dituztenei zuzendu zaizkie: "euskal abizenak euskaratzea oso erraza da eta erroldatuta zauden herriko erregistro zibilean edo udaletxean egin dezakezu". Hala egin nahi dutenendako argibideak eman dituzte ere.

Bi administrazioetatik jakinarazi dutenez, euskal abizenak euskal grafiaz jartzeko honako agiriak eraman behar dira: nortasun agiriaren fotokopia, hitzez hitzezko jaiotza ziurtagiria (eskatzailea erregistratuta dagoen udaletxean edo epaitegian eskatu behar du), errolda agiria (udaletxean eskatu behar da) eta familia liburua (ezkonduta badago edo seme-alabarik badu).

Aldi berean, jakinarazi dute gurasoek agiri ofizialetan abizena erdal grafiatik euskarazkora aldatzean 18 urtez azpiko seme-alaben abizenak automatikoki aldatzen direla. 18 urtez gorakoen kasuan, berriz, erregistro zibilera joan eta adierazi behar lukete haiek ere abizenak aldatu eta euskal grafiaz jartzea nahi luketela.