Baditugu sanferminetako Binakako Torneoko lehendabiziko finalistak: Jose Javier Zabaleta eta Iker Irribarria. Asteazkenean Olaizola II.aren eta Imazen kontra aritu ziren eta, azkenera arte emozioz betetako partida izan zenean, tanto bateko aldearengatik irabaztea lortu zuten Zabaletak eta Irribarriak. B multzoko ligaxka irabazita, larunbateko finalean egongo dira, A multzoko Ezkurdia-Zabaletaren edo Elezkano-Martijaren kontra.
Irribarriak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Imazen kontra atzo gauean jokatutako partida oso gogorra izan zen: 78 minututan 574 pilotakada jo zituzten. Irribarriaren eta Zabaletaren estrategia Imazen kontra egitea izan zen, Olaizola ekiditeko. Imazek ongi erantzun zuen eta Olaizola lagundu eta errematatzeko aukera izan zuen ere. Zabaleta gorabeheratsu ibili zen: 10 akats egin zituen eta tanto oso onak tartekatu zituen. Irribarriari ere kosta egin zitzaion partidan sartzea. Baina, azkenean, parez pare aritu ziren bi bikoak, eta, bihotzekoa emateko moduko partidan, 21 eta 22 gailendu ziren Zabaleta eta Irribarria eta larunbat arratsalderako final handirako sailkatu ziren.
Gaur: Ezkurdia-Rezusta / Elezkano-Martija
Sanferminetako Binakako Torneoko beste finalista nor izango den gaur gauean erabakiko da, A multzoko Ezkurdia-Rezusta eta Altuna ordezkatuko duen Elezkano eta Martijaren arteko partidan. Jakina denez, Jokin Altuna astearteko partidan lesionatu egin zen, 8. tantoan pilota bat erantzuteko unean bizkarrondoan sekulako zartakoa sentitu eta gero. Gipuzkoarra jarraitzen saiatu zen baina ezinezkoa izan zen eta 12 eta 8 irabazten zeudela, partida utzi behar izan zuen. Aspek erabaki du Danel Elezkanok hartuko duela bere tokia.
Horrela, gaur partida erabakigarria jokatuko dute Ezkurdia-Rezustak eta Elezkano-Martijak. Iazko irabazle Ezkurdia-Rezustak finalera sailkatzeko nahikoa dute 10 tanto egitearekin. Aldiz, Elezkanok eta Martijak 13 tantoko aldearekin irabazi beharko lukete finalera sailkatzeko. Egungo txapeldunek partida alde dute, baina ikusi beharko da zer ematen duen Labrit pilotalekuko gaurko jaialdiak. Jaialdia zabaltzen duen partidan Dariorekin ariko da Adur Lasa, Arretxe II.aren eta Eskirozen kontra jokatzeko.
Nolanahi, batzuk edo besteek irabazi, sakandarren arteko finala izango da sanferminetako Binakakoa. Larunbatean jokatuko da, 17:30ean (ETB1).