San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan, asteazkenean aizkora, trontza eta herri kirol proba konbinatuen txanda izan zen eta kirolari sakandarrek goian daudela erakutsi zuten.
Gorrititarrak Nafarroako III. Mailako finalera
San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan, asteazkenean Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketak kanporaketa hartu zuen Iruñeko Foru Plazak. 6 aizkolari lehiatu ziren eta bi kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten. Emilio Garcia segoviarra gailendu zen (7:27), Iker Gorriti uharte arakildarraren aurretik (8:21). Jacinto Etxekonanea hirugarrena sailkatu zen (9:08), Jaime Gorriti uharte arakildarra laugarrena (9:32), Eneko Pagola bosgarrena (9:58) eta Marc Duch seigarrena (13:35). Lehen bosgarrenek, Iker Gorriti eta Jaime Gorriti tartean, agorrilaren 17an 18:00etan Ezkurran jokatuko den finalerako sailkatzea lortu zuten.
Altzelai eta Lizarraga Nafarroako trontzalari onenak
Segidan Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatu zen. Bost bikote lehiatu ziren, tartean hiru sakandar, eta guztiek etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai edo korte egin behar izan zizkieten. Andra Mari ikastolako Pello Altzelai eta Adur Lizarraga izan ziren azkarrenak eta Nafarroako txapeldunak (5:56), Basaburuako Iraitz Iturralderen eta Jon Irigoienen aurretik (6:09) eta Iñigo Aritzako Inar Olabideren eta Adur Irigoienen aurretik (7:38). Laugarrenak Araxeseko Manex Saralegi eta Oier Goñi izan ziren (8:06) eta bosgarrenak Andra Mari ikastolako Urtzi Galartza eta Oinatz Carreño (9:32).
Bukatzeko, kimuen mailako herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egin zuten Andra Mari ikastolak, Igantzik, Antsoaoinek eta Berriozarrek.
San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan ostiralean Mikel Lastertek motozerra erakustaldia eginen du: motozerrarekin egurrezko irudiak eginen ditu.