Edorta Amillano Goikoetxeak, Alaine Mendia Asensiok, Igarki Agirre Azkaratek, Oihan Andueza Etxaizek eta Bidane Fernandez Dorronsorok osatutako taldea izan da saritua. Haiendako izan da Lehen Hezkuntzako 1-3 mailakoen saria eta Iruñean dagoen Oinez Txokoan jaso zuten saria igandean.
Iñigo Aritza Ikastola aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen ari da. Horretarako, besteak beste, Ingurumen Batzordea sortu du. Hark, besteak beste, haurrei eta nerabeei zuzendutako lehiaketa antolatu du, Entzun nola BIrZIklatzen dudan leloa zuena. Lehiaketa horren helburua zen teknologiaren erabilera arduratsua, euskararen erabilera aisian, jasangarritasuna eta birziklatzea sustatzea.
Nafarroako ikastoletako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketa zen eta hiru mailatan jokatu da. Parte-hartzaileek, bakarka edo taldeka, birziklatutako materialak erabiliz jostailu bat sortu behar zuten eta hura bideoan jaso. Bestela, jasangarritasuna sustatzeko aholkuak zabaldu behar zituzten. Edozein eratako bideoa onartzen zen lehiaketan, baina ezinbestekoa zen 3 minutuko luzera ez gainditzea eta azalpenak euskaraz izateaz aparte, ahoz eta idatziz ematea.