Bere negozio ideia garatu nahi zuten 12 emakumezkok eta 6 gizonezkok Cederna-Garalurren ekintzailetza sustatzeko zerbitzura jo dute aurten. Zuten negozio ideia horien inguruko laguntza eta aholkularitza jaso dute ekintzaile horiek. Ondorioz, lehen urte erdian 5 pertsonak bakarkako enpresari gisa jarri dira lanean eta beste bik elkarte irregularra sortu dute.
Horretaz aparte, Garalurren ekintzailetza sustatzeko zerbitzuak azken sei hilabeteetan 2 urte baino gutxiago dituzten 8 enpresari (6 emakumezko eta 2 gizonezko) eta 2 urte baino gehiago dituzten beste 9 enpresari ere laguntza eta aholkularitza eman die. Horrekin batera, Nafarroako Negozioen Errelebo Poltsaren aurkezpena antolatu zuen Altsasun. Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean, ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako bi ikastaro egin ziren, bata ogasunari aurkezteko paperen antolakuntzari buruzkoa eta, bestea, estresaren kudeaketaren ingurukoa.
Joan den urtean Garalurren zerbitzu horrek 50 sakandar lagundu zituen (35 emakumezko eta 15 gizonezko). Haietatik 27k autonomo gisa izena eman zuten eta 23 enpresa sortu ziren. 2016an, berriz, 41 ekintzaileri lagundu zieten (21 gizonezko eta 20 emakumezko). Orduan 21 enpresa sortu zituzten, 28k autonomotan alta emanez.
Harremanetarako
Nafar Lansarek finantzatzen duen Nafarroa Ekintzailea sareko kide da Cederna-Garalur eta ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. Garalurrek egoitza Utzuganen du. Astegunetan 08:00etatik 15:20era, pasa daiteke egoitzatik. Ekintzailetza zerbitzuan, hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan ematen dute laguntza eta aholkularitza. Garalurrekin harremanetan jartzeko 948 567 010 telefonoa eta sakana.admon@cederna.es e-posta erabil daitezke.