Kultur programa Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Sailaren ekimena da. Kultur udan gauzatzen da, eta Nafarroako 36 udalerritan eta intereseko lekuetan egiten da. Musika, dantza eta antzerki jarduerak izanen dira ikus eta entzungai. Sakanako hiru herritan izanen dira Kultur programaren emanaldiak: Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Gainera, Sakanako artistek ere parte hartuko dute programan. Programaren helburua Nafarroako herri guztietara “kalitatezko” kultur programazio anitza eskaintzea da, Nafarroako Gobernuaren hitzetan. Duela 23 urte sortu zen Kultur programa. Egitaraua “bizia” dela diote antolatzaileek.
Folk musika
Arbizun izanen da Kultur programan Sakanan eginen den lehenengo emanaldia. IDDWAC taldea izanen da gaur, garilaren 13an, 21:00etan, Olatzea jatetxearen terrazan. IDDWAC taldea Iruñean sortu zen duela 40 urte. Folk musika egiten hasi ziren. Hasierako hainbat taldekidek taldea utzi zuten 1980ko hamarkadan ehun bat kontzertu eman ondoren. 2000ko hamarkadarekin taldeko kideak biltzen hasi ziren, eta taldea birsortzea erabaki zuten.
IDDWAC taldeak folk zelta berea egiten du, estilo berezia sortuz. Sinpletasunaren xarma ez dute alboratzen. Ahora volvemos diskoan errepertorio berritua plazaratu dute. Hamabi abestiz osatuta dago diskoa. Taldea Fermin Ansok (bibolina), Victor Prietok (gitarra), Fernando Reyk (mandolina, bodrham eta perkusioa) eta Vicente Ferrerek (baxua eta perkusioa) osatzen dute. Gainera, Arbizuko kontzertuan Juan Batallaren (txirula eta letoizko txirula) kolaborazio berezia izanen dute.
Abesbatzaren ahotsak monasterioan
Kultur programaren barruan Erkudengo Ama Abesbatzak Irantzu monasterioan kontzertua eskainiko du, bihar, garilaren 14an, 12:00etan.
Errepertorio anitza prestatu dute emanaldirako: eliza kantak, euskal kantak eta denetariko abestiak. Esaterako, Ariel Ramirezen Misa Criolla, Francisco Madinaren Aita Gurea, Imanol Erkiziaren Baratze bat, Benito Lertxundiren Baldorba edo Nagore Salaberriren Mendirik Mendi. Kanta nabarmenena Ama Birjina Erkudengoa izanen da, Ondarrak abesbatzarendako sortua.
Gozatzeko egitaraua
Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du Etxarri Aranatzen hurrengo ostiralean, garilaren 20an, Kultur programaren barruan. Emanaldia herriko plazan izanen da, 20:30ean. G puntua taldearen azken diskoa aurkeztuko dute, "gozamenez" sortu duten diskoa, Iñigo Goikoetxea taldeko kide urdiaindarrak azaldu zuen bezala. Betiko errepertorioarekin uztartuko dituzte abesti berriak. Iaz 25. ufteurrena ospatu zuen Gozategik.
Tximeleta taldeak Kultur progaman parte hartuko du ere. Abuztuaren 30ean Mendigorriako plazan kontzertua eginen dute 20:00etan.
Irailaren 1ean, Altsasuko Foru plazan, Smoking Stones taldea izanen da. The Rolling Stones taldearen bertsioak egiten ditu taldeak. Gainera, egun berean eta programaren barruan, zaldiz paseoak egiteko aukera egonen da ere, Urdiaingo Errotain Zalditegiarekin.