Nafarroa Oinez antolatuko du Iñigo Aritza ikastolak urriaren 21ean, hortaz, Sanferminetan ikastolen elkarteak jartzen duen txoko euskaldun eta euskalzalearen egitaraua antolatzearen ardura izan dute. Talde sakandarrak nagusi izan dira Nafarroa Oinezko Takonerako txozna eta agertokian. Gaur Etorkizuna Dantza Taldea izanen da Oinezko txokoan, 19:30ean.
Bestalde, Baluarten Sanferminetako III. Kantu Zaharren Bazkaria izanen da. Angel Mariezkurrenak antolatzen du kantu zaharrak bultzatzeko ekimena. Gastronomia eta musika uztartzen diren jarduera honetan Juanpa Agirre musikarra etxarriarrak parte hartuko du. Gutxi gorabehera 30 kantaz osatutako errepertorioa abestuko dute parte hartzaileek, eta, berezitasun nabarmenena musika agertokitik ez ezik bazkal mahaietatik ere datorrela da; izan ere, bazkaltzen duten bitartean mahaikideek ere abestuko dute. Errepertorio gehiena euskaraz da.
Bihar Gaixoa ni abestuko dute iruindarrek eta bisitariek, baina, aurretik ekimen asko izanen dira. Zirika Zirkus antzerki-zirku taldearen emanaldia izanen da 19:00etan Sarasate Pasealekuan.
Sakanako artistak izan dira sanferminetan
Haize Berriak, Atzapar Rock taldea, Alfon eta Txen disko jartzaileak, Lur eta Luisillo, Tximeleta, La Banda del Jefe Bigun eta Garabatos taldeek jo dute Takonerako agertokian. Atzo Nafarroa 1512 tade arbizuarra aritu zen Oinezko txokoan. Sakanako bertsolariak ere aritu ziren txoko euskaldunean: Idoia Granizo, Eneko Lazkoz eta Sahats Karasatorre.