Extremusika 2018, Tarragona…

Ricardo Areta Urrestaratzu 2018ko uzt. 13a, 08:21

kolaboratzaileak

EXTREMUSIKA 2018, apirileko hilean makro jaialdia Caceresen. 63 talde eta kartelean handienetako askorekin batera gaude. Gure zuzenekoa aurkezteko ilusio handiz eta batez ere eguzkia ikusteko gogoa, horrenbeste denboraz Sakanan izandako ur eta iluntasun denboraldiaren ondoren.
Goizeko 04:00etan lokalean gelditu gara back line-a kargatzeko (musika tresnak, mundu honetan anglizismo asko dago). Lo gutxi egin dugu, baina animo handiarekin gaude, taldearentzako aukera handia da eta. Furgona arrankatu dugu.

Argazkiak eta bideoak hasi dira, sare sozialak elikatuta mantendu behar dira, Gasteizera iristean batek lo hartu du, bestea musikarekin kexu, bestea bigarren eskuko webgune batean kitarra bat bilatzen eta okerrena … abeslaria isildu gabe! 6 orduko bidaia dugu, horrela jarraituz gero ea zer abestu behar duen honek kontzertuan …

Egunsentiarekin batera kafetegiak ireki dituzte, trafikoan ere nabaria da, jendeak bere eguneko jardunari ekin dio. Kafea hartu eta hankak luzatzeko geldiune bat. Bidaiari ekin diogu berriz errepertorioaren zehaztapenak birpasatu bitartean. Hurrengo geldiunea, maskuriak agindutakoan.

Garaiz atera gara eta ordu bat lehenago iritsi gara. Managerrari deitu eta buelta bat emateko esan digu, backstage paseak (bere garaian agertokiaren atzealdean egotea zena) ez daude oraindik eta. Eta lainotuta. Jasoko al du?

Behingoz jaialdira sartu gara eta kamerinora sartu gara, gure ordurako, eta harrera egin  digutenean, atzerapenarekin doazela eta ondorioz errepertoriotik abestiren bat kendu behar dela esan digute. Haserrea eta eztabaida kanpoan zer utzi erabakitzeko. Eszenatokirako bidea erabat lokaztuta dago, paleten gainetik igaro behar izan gara, eszenatokira igo eta pala bat topatu dut aurreko gauean bota zuen euriaren ondorioz sortutako putzuak legarrez betetzen… Nik eguzkia ikusi nahi nuen! Beste eszenatokian beste talde bat jotzen ari da eta goizetik hasita jende dexente dago. Beste bi talde ditugu aurretik. Teknikoek gure rider-aren arabera (eskema teknikoa), gure orduan, puntu -  puntuan, txekeoa egin dugu eta aurreko taldearen azken akordearekin hasi gara. Ezin dut sinetsi, eguzkia atera du. Publikoaren artean iparraldeko jende ugari, batzuek gure estribilloak abesten dituzte eta gure kamisetaren bat ere ikusi dugu. Gorakada.
Kronoa zerora iritsi da, hau bukatu da eta O´funk´illo hasi da. Eszenatokia garbitzen duten bitartean, kanta batzuk entzuteko aukera izan dut eta eguzkiaz gozatu, baita talde honekin ere.

Eszenatokia libre utzi behar da hurrengo taldearentzat; errepidera itzuli gara. Ogitarteko bat jateko geldiune bat eta jarraian Lakuntzaraino. Hurrengo egunean Tarragonan joko dugu, jokaldia errepikatuko da.