Lehenik eta behin, eta mamian sartu aurretik, argi utzi nahi dut nik ez dudala inor epaitu, ezta asmorik, nahirik edo beharrik ere. Nik ez dut inon ezta inoiz esan Gilek eta arrastoak egin dituztenik, baizik eta arrastoak faltsuak direla. Epaitzea ez dagokit niri, ezta erabakitzea grafitoak nork egin dituen eta nork ordaindu behar duen horregatik. Oso argi daukat haiek izen direlako froga ziurrik gabe zigortzea barrabaskeria eta onartezina dela, baina horrek ez du ezer ikustekorik grafitoen benetakotasunarekin.
Barkatuko didazu neurea egitea, baina ezin aproposagoa iruditzen zait izenburua, Veleiako marrak faltsuak direla ikusteko gainerako lekukotasunak, benetakoak, ikustea baino ez dagoelako.
Bitxia da adituak horren aditu ez direla esateko gaian aditua ez den batek egindako txostenera bidaltzea. Izan ere, Miguel Thomson mediku-zientzietan ikertzailea da, inondik inora ez hizkuntzalaritzan eta, are gutxiago, hizkuntzalaritza historikoan. Nik biologiako lan asko eta asko itzuli ditut, baina, biologo batek kakahueteak lekaleak direla esaten didanean, onartu egiten dut, ez daukat eta inongo formaziorik gaian, eta hori izaki biziduna naizela kontuan harturik eta, horregatik, zerbait jakingo dudala gaiaz.
Hori da hizkuntzalaritzarekin gertatzen dena. Denok hiztunak garenez zilegitasuna sentitzen dugu hizkuntza-gaiez ditugun iritziak emateko, nahiz eta atzean diziplina zientifiko oso bat egon, biologian, fisikan, eta abarretan dagoen moduan. Errespetu kontua da. Gainera, Thomsonek ez du grafitoen benetakotasunaren aldeko inongo frogarik ematen. Irakurketa oker batzuk eta salbuespen urri-urriak diren grafiak ematen ditu.
Irakurketa okerretako bat <DESCARTES/NISCART> delakoa da. Batzuek lehenengoa irakurri zuten, eta beste batzuek, aldiz, bigarrena. Gauza da ez duela inongo axolarik bata edo bestea paratzen duen. Horrek ez ditu gainerako ehundaka irregulartasunak konpontzen.
Alderdi grafikoan ere sartzen da. Batetik, <z> eta <j> grafiak eztabaidatzen ditu. Nik dakidanaren arabera, Gorrotxategiren eta argudioetako bat da (hitz-hasierako) <z> Veleian agertzen den bezala ezinezkoa dela oso berandu arte. Horri aurre egiteko, kodako, hau da, silaba- (edo hitz-) bukaerako adibide batzuk ematen ditu Thomsonek, eta, ondoren, Donemiliagako glosan agertzen den <izioqui dugu> aipatzen du, eta x-xi. mendeetako adibideak ematen ditu. Hau da, segundo batean igaro ditu 700 bat urte. Ager litezke <z> grafiak milagarren urtearen bueltan, baina horiek gertuago daude euskarazko lehen testutik Veleiakoa idatzi omen zenetik baino. Gainera, akitanierazko grafiak aipatzen ditu, eta horietan ez dago eta inongo <z> letrarik, testuinguruak eskatzen badu ere. Thomsonen azalpena da, akitanierazko idazkiak egin zirenean, oraindik hedatu edo orokortu gabe dagoela grafia hori. Akitanierazkoen garai berekoak liratekeen Veleiakoetan, berriz, badaude. Batean hedatu gabe eta bestean jada hedaturik?
Gainera, eta <z> grafiaz ari naizela, Thomsonek aipaturiko Cantar del mio Ciden agertzen direnak iruzkindu nahi ditut. Horretan ere, Donemiliagan bezala, hitz-barruko eta ‑amaierako <z> grafiak daude, egungo euskaraz <ts> idatziko genukeenaren pareko. Hitz-hasierako <z> grafiek, aldiz, [dz] ahoskera dute beti. Baina pentsatu behar dugu Veleian agertzen den <zeu> egungo <z> bezalakoa dela. <zeu> horren gorabeherak beherago iruzkinduko ditut.
<j> grafiarenak ere badu bere mamia. Berriz ere, aipatu berri dudan Donemiliagako glosara bidaltzen gaitu, <(…) ajutu ez dugu> dioen lerrora, eta, berriz ere, 700 urteko jauzia. Arazoa, baina, ez da <j> letraren bat edo beste agertzea, baizik eta balio kontsonantikoa izatea eta <i> bokalikotik sistematikoki bereiztea, baita hitz-hasieran ere, gaur erabiliko genukeen modu berdin-berdinean. Etxepareri esan izan baliote berak <i> grafiaz idazten zituenak duela 1700 bat urte bezala idatziko genituela gaur eta bereizketa horren finkaturik zegoela.
Thomsonen azalpenen artean, bat oso deigarria da. <CUORII> agertzen omen da Veleian, eta hori ezinezkoa da gaian adituak direnentzat. Thomsonek, aldiz, bi azalpen-proposamen egiten ditu. Batetik, xi. mendearen bueltan gorago aipaturiko Cantar del mio Ciden agertzen den <CUER> forma baten aurreko forma izatea edo, bestetik, “<u> mutu> bat izatea. Berriro ere, 700 bat urteko jauzia. Ezer gutxi dakit latinaz eta, horregatik, lehenengo hipotesiaren inguruan latinaren eta erromantzeen diakronia egiten dutenek eztabaidatu beharko lukete (grafia kontu hutsa den, grafia eta ahoskera bat datozen, eta abar). Nik, baina, nahikoa dakit jakiteko “<u> mutu”rik ez zegoela latinez. Mututasun hori gaztelaniaren (grafiaren) eboluzioaren emaitza da.
Adibide jakinak gorabehera, Thomsonen txostenak erakusten duena zera da: Veleian munduko salbuespen guzti-guztiek egin beharko luketela bat, adituen argudioetako gutxi-gutxi batzuk ezeztatzeko aukera izateko. Hitzak banaturik erabiltzeak, komek, gidoiek, eta abarrek hor jarraitzen dute. Bakarrak izango balira.
Gorago aipatu dut Veleian <zeu> agertzen dela. Egungo zeu bezala, hau da, egungo bigarren pertsona singularreko zu indartua bezala. Alde batera utzirik zu singularrean erabiltzea gauza modernoa dela (horren jatorria aski frogaturik dago eta xvi. mendeko lekukotasun batzuetan zuekek ez du oraindik komunztadura egiten aditzean, eta hori berria delako seinale da), <zeu> agertzea eta ez, gutxien-gutxienez, <zeur> barregarria da ia-ia. Lazarragak, Veleiatik oso gertu, xvi. mendearen amaieran, zeur forma erabiltzen zuen (zeur < zu + haur (euskara batuko hau). Ondorengo testuren batean agertzen dira horrelako formak eta, beraz, zeuretik zeurako aldaketa historian gertatu da, hau da, ditugun testu idatzietan. Prozesu bera jasan dute mendebal zabalean, ‘zeur > zeu’ garatu duen eremu berean, ‘hirur > hiru’ eta ‘laur > lau’ formek. Nahiz eta historian (xv. mendetik aurrera) gertaturiko aldaketa izan, jada gertaturik egon beharko luke Veleian, frogek erakutsi baino 1200 bat urte lehenago.
Aukeratzeko horrenbeste irregulartasun daudenez, ordea, larriena ez izatea dauka. Izan ere, Veleian hau agertzen da: <neure ama roman ilta>. Lau hitz horietan, bigarrenak baino ez du egiantzekotasuna. neure: genitibozko izenordain indartua da eta, hortaz, nahiko-nahiko berria. Gainera, ez du agertzeko eskatzen duen testuingurua betetzen. Euskararen testu idatzi zaharrek erakusten dute, genitibozko izenordain indartuak erabiltzeko, perpauseko nork, nor edo nori osagaiak eta izenordainaren bidez adierazten denak bat egin behar dutela. Adibidez, “nik neure ama ikusi dut”, baina ez “nik zeure ama ikusi dut”. Linschmann-Aresti izeneko lege horrek indarra galtzea gauza modernoa da oso eta, beraz, Veleiakoa sinesteko pentsatu beharko genuke: euskara osoan orokorra izan den lege hori ez zela existitzen, sortu eta euskara osora hedatu egin zela, eta ondoren, duela oso gutxi, berriro ere desagertu egin dela duela 1700 urteko egoera berdin-berdinean gelditzeko.
roman: r- hotsaz hasitako hitzei e protetiko bat gehitzea da euskararen ezaugarri nabarietako bat, latineko lehenetatik. Bada, Veleian, <erroman> edo antzekorik ez dago.
ilta: horrek ere badu zeresana. Batetik, h edo hasperenaren erabateko falta, nahiz eta, Araban, x. mendean, barra-barra eta etimologikoki tokatzen zaien lekuan agertu, hau da, ez dira apaintzeko, ahoskatzen zirelako froga baizik; adibidez, Hagurahin (Agurain). Bestetik, l ondoren t agertzen da, eta euskararen lekukotasun zaharrek eta gaskoiarekin egindako ikerketek erakusten duten moduan, d behar du. Horren adibide dira latinetik harturiko mailegurik zaharrenak. Azkenik, -ta morfema agertzen da, eta hitzak, osorik, egungo hildaren baliokide beharko luke. Arazoa da -(r)ik morfema erabiltzetik -ta morfema erabiltzea ere ditugun lekukotasun historikoen baitan gertaturiko aldaketa dela eta, -ta hedatzen hasi aurretik -(r)ik erabiltzen zela euskalki guztietan.
Era berean, deigarria da ez dela euskarazko hitz ezezagunik agertzen, nahiz eta lehen testigantza sendoak agertu baino 700 bat urte lehenagokoak izan. Arrunt-arrunta izan beharko luke ezagutzen ez dugun euskal hitzen bat edo beste agertzea, baina ez dago bat ere. Are gehiago, lagun hitza agertzen da, gaztelaniaz ‘amigo’ esango genukeenaren baliokide (<oso lagun, marcvs>). Hori ere akats galanta da. Izan ere, lagunek ‘compañero’ esan nahi zuen duela “gutxi” arte, baita mendebalean ere (hor hasten da eta ‘amigo’ bezala erabiltzen). Izan ere, bizkaiera zaharrean eta, buruz ari naiz baina esango nuke, Lazarragaren testuan adiskide hitzaren, hau da, ‘amigo’ esateko hitz zaharraren, lekukotasunak agertzen dira. Horrek erakusten du ‘compañero’ esanahia izatetik ‘amigo’ esanahia izatera zuela gutxi igaro zela.
Nahiko larriak dira hanka-sartzeak Veleiako marrei egiantzekotasunik egozteko, baina gutun honetan eta aurrekoan aipaturikoak adituek erabilitakoen zati txiki-txiki bat baino ez dira. Adibidez eta hizkuntzatik nolabait ihesi egiteko, egungo gurutze kristauak agertzen dira Veleian, nahiz eta Veleia baino askoz beranduagokoak izan eta, horrekin batera, hieroglifiko asko agertzen dira, Egiptotik kanpo mundu osoan aurkitu beste Veleian bakarrik eta, gainera, egiptologian adituak direnendako inongo esanahirik gabeak.
Amaitzeko, esan dituzun pare bat gauzatan paratu nahi dut arreta. Batetik, Galileo, Darwin eta Altamira, eta fedea. Harrigarria egiten zait Galileo eta Darwin aipatzea; izan ere, historia aldatu duten pertsonaia historiko horiek beren garaian zituzten baliabide eta datu urriekin gerora egiaztatu diren teoriak proposatu zituzten, nahiz eta garaikoek ez onartu. Ez da hori, bada, hizkuntzalaritza historikoa (edo sintaxia, edo fonologia, edo fisika, edo biologia) lantzen dutenei gertatzen zaiena? Eta Altamiraz… zer pentsatuko genuke hango margoen azpian spray-potea aurkitu izan balute? Edo han hezurrak aurkitu eta ebakuntzetan paratzen diren titaniozko torlojuak izango balituzte? Horixe gertatzen zaie Veleiako arrastoei. Ez da fede kontua, inondik ere ez, frogak agnostikoki aztertzea baizik. Nahi bai benetakoak izatea. Edo euskarazko benetako lekukotasun zahar-zaharren bat agertzea. Agertuko direlako esperantza ez dugu galduko.
Azkenik, Altsasuko gazteenganako paralelismora itzuliz, beste batzuk dira errealitatearen aurka ari direnak gau horretako bideoak ikusi gabe, zaurien larritasunik ezari erreparatu gabe, lekukoen testigantzei jaramonik egin gabe; beste batzuk dira uste bat hartu dutenak eta, ondoren, horren guztiaren faltsutasuna agerian uzten dituzten datu guztiak begiratu ere egin gabe ukatzen dituztenak; beste batzuk dira.