Nafarroako Pentsionistak Martxanek eta Otsailak 22 Plataformak CEOEk eta Cepyme patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako hitzarmen kolektiboa “langile klaseari sartutako goltzat” jo dute. Akordioaren arabera, % 2 inguruko soldata igoera aholkatzen da eta ekoizpenari, emaitzei edo justifikatu gabeko absentismoa murrizteari lotutako beste % 1 aldakorra. Aldi berean, “progresiboki hitzarmenean 1.000 euroko gutxieneko soldata” jartzea aurreikusten da.
Zumalakarregi plazan astelehenean elkartu ziren pentsiodunek ez dute begi onez hartu akordioa. Gogoratu dute 2009an pertsonako bataz besteko errenta 11.318 eurokoa zela eta 2017an, berriz, 11.074koa. “Hau da, % 2,16 gutxiago. Tarte berean etxebizitzako bataz besteko errenta % 8,28 jaitsi da”. Datu gehiago eman zituzten ere: “langile klasearen erosahalmena % 6 baino gehiago jaitsi da 2009tik. 2016ra arte soldatak % 2,86 igo ziren, Kontsumorako Prezioen Indizea, berriz, % 9,3”. Bitartean kotizatzen duten enpresetako kontseilarien soldatak % 23,84 igo direla salatu zuten. Ibex 35 enpresetako kontseilarien bataz besteko soldata 2.774.000 eurokoa dela nabarmendu zuten, dietak eta bestelakoak aparte”.
Datu horietan oinarrituta “pobreziaren sorrera gero eta handiagoa da”. Eta “gutxieneko justizia eta berdintasuna duen gizartea” aldarrikatu zuten. Sistema kapitalistako patronala “soldatak txikitzen, prekarietatea handitzen, langabezia handitzen, gizarteari zor zaizkion zerbitzuak txikitzen” ari dela salatu zuten. “Horrela gutxi batzuk aberasten dira: enpresetako zuzendariak, bankuak eta politiko profesionalak”. Desberdintasunak handitzen ari direla nabarmendu zuten eta 2016an pobrezia arriskuan zeuden espainiarrak % 27,9 zirela gaztigatu zuten, “Europar Batasuneko 3. herrialdea eta kontinenteko bataz bestekoa baino puntu erdi gehiago”. Atzera ere Lanbide Arteko Soldata 1.200 eurokoa izatea eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea aldarrikatu zuten. Gaur, 19:30ean, Zumalakarregi plazan kontzentratzera deitu zuten. “Gure etorkizuna, gure seme-alabena eta gure ilobena defendatzen ari gara”.