Ezkurdia, sanferminetako pilotaririk onena

Guaixe 2018ko uzt. 16a, 09:57

Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak irabazi zuten Sanferminetako Binakako Torneoa, Iker Irribarriari eta Jose Javier Zabaletari 22 eta 16 irabazi eta gero. Bigarren urtez jarraian dira txapeldunak Ezkurdia eta Rezusta

Sanferminetako Pilota Torneoko finala ikusgarria izan zen, zaletasuna sortzen dutenekoa. Denetatik izan zuen: joko bikaina, erremontada, urduritasuna eta ikusgarritasuna. Irribarria eta Zabaleta izan ziren aurreratu zirenak eta alde ederra hartu zutenak (6 eta 13), baina Ezkurdiak eta Rezustak ongi eutsi zuten, eta arbizuarrak ardura hartuta, azkenean partidari buelta ematea eta 22 eta 16 irabaztea lortu zuten, bigarren urtez jarraian sanferminetako binakako torneoko txapeldunak izateko. 2017ko sanferminetako torneoa irabazi zuenetik aireratu zen Joseba Ezkurdia, Zabaletarekin Binakakoa irabazteak benetako bultzada eman zion eta aireratze bikain horri eusten dio arbizuarrak, bera pilotu trebea izan daitekeela erakutsiz.

180 graduko buelta
Iruñeko Bombonera goraino beteta zegoen Sanferminetako Binakako Torneoko final handirako, aurreko eguneko jaialdi guztietan bezalaxe. Giroa ederra zen, sanferminetako giro beroa, eta Labrit barruan zegoen tenperatura ere halakoa zen. Berotzarra. Irribarria eta Zabaleta hasi ziren hobeto. Irribarria oso ongi aritu zen aurreko koadroetan eta Zabaletak dominatzen zuen atzean; aldiz, Rezustari kosta egin zitzaion partidan sartzea; Ezkurdia eta Rezusta ez zeuden eroso. Horrela, 6 eta 13 aurreratzea lortu zuten Irribarriak eta Zabaletak, bikain jokatuz. Baina hortik aurrera finalaren norabidea arraso aldatu zen. 180 gradotan. Pilota aldatu eta Ezkurdiak partidaren ardura bere gain hartu zuen; sakez min handia egin zuen arbizuarrak eta atzeko koadroetan joera aldatu eta Rezusta hasi zen dominatzen; bestalde, Irribarriaren inspirazioa eten egin zen. Horrela, tantoak pilatzen hasi ziren Ezkurdia eta Rezusta eta 14ra berdintzea lortu zuten, hortik aurrera partida kontrolpean hartu eta tantoak bata bestearen atzetik egiteko. Azkenean, 16 eta 22 irabazita sanferminetako txapel preziatua jantzi zuten Ezkurdiak eta Rezustak, bigarren urtez jarraian.

Txapelaz gain, finaleko eta torneo guztiko pilotaririk onenaren saria jaso zuen Joseba Ezkurdiak, merezitakoa. Finalak argi utzi du Ezkurdiak partida erabakigarrietan ere ardura hartu eta gakoa izan daitekeela.

Ezkurdia: “Sufritzen jakin dugu”
Partida bukaeran pozik zegoen Joseba. “Atzetik gindoazenean partida luzea geratzen zela bagenekien eta sufritzen jakin izan dugu, ondoren irabazteko” azaldu zuen arbizuarrak. “Ongi jokatzen ari ginen, baina beraiek abiadura handia sartu diote pilotari eta kontran aritzera behartu gaituzte beti” aipatu zuen, bere aldetik, Irribarriak. Udako lehen pilota torneo handia, beraz, Ezkurdia eta Rezustarendako izan da.