Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak prestatutako lan guztia pikutara bota zuten ostiral gaueko eta larunbat goizaldeko ekaitzek. Izan ere, ostiralean arratsaldeko seietan hartu zuten irteera Ehunmilak Ultratrailean (168 km, 11.000 m desnibel +) parte hartu zuten korrikalariek eta gaueko 23:00etan atera ziren G2 Haundiak Ultra Trailean (88 km, 6.000 m desnibel +) aritu ziren korrikalariak. Baina gaueko ekaitzak zirela eta, 00:30ak inguruan Ehunmilak proban zebiltzan 435 korrikalariak neutralizatu zituzten Azpeitian, 52 km osatuta zituztela, eta G2 Haundiko 458 partaideak Larraitzen, Abaltzisketan, 19 km jokatuta zituztela. Horrela, guztira 893 korrikalari eta makina bat boluntario ebakuatu zituzten. Gurutze Gorriari laguntza eskatu eta 14 todoterrenotan, 13 anbulantzietan, 9 tokiko 13 ibilgailuetan eta antolakuntzak kontratatutako autobusetan igo eta Beasaingo kiroldegira eraman zituzten.
Aipatu lasterketetan parte hartzen ari ziren korrikalarien artean zeuden, esaterako, Joxeja Maiza, Javier Beraza, Arantzazu Larrañaga, Aitor Salinas, Alberto Martinez de Lagran, Felix San Roman, Beñat Katarain eta beste.
Marimurumendi maratoia, bai
Igandean, Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak antolatutako Marimurumendi maratoia jokatzeko (42 km, 2.300 m desnibel +) ez zen arazorik izan. Aleix Bautistak (3:48:04) eta Ingrid Ruizek (4:24:30) irabazi zuten proba. Ibon Ubeda etxarriarra 61.a sailkatu zen (5:22:01).