Atzo Arras Citadelle eta Roubaix arteko 156 km-ko etapa jokatu zen Frantziako Tourrean, etapa erabakigarria, hainbat galtzadarri eremu tarte gainditu behar izan zituztelako txirrindulariek. Aurreikusi moduan etapa oso nahasia izan zen, makina bat erorikoekin, baina faboritoek ez zuten aparteko denborarik galdu. Mikel Landak erorikoa izan zuen eta faboritoekin minutu bateko aldea izan zuen, baina Imanol Erbitik eta Amadorrek egindako lanari esker eta Bardetek gurpila zulatu eta gero Ag2r-k egindako lanari esker, jardunaldi oso zaila gainditu ahal izan zuen arabarrak eta ez zuen aparteko denborarik galdu. Erbitik talde gizon bikaina izaten jarraitzen duela erakutsi zuen beste behin.
Horrela, sailkapen orokorrean BMC taldeko Greg Van Avermaet da liderra (36:07:17). Gorka Izagirre (Baharain) 82.a da, 24:47ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 77.a, 23:20ra. Gaur atseden etapa dute eta bihar Alpeetako etapak hasiko dituzte.