Migrazioaren inguruan gezurretan

Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua 2018ko uzt. 20a, 08:14

kolaboratzaileak

Toki askotan entzun, ikusi eta irakur dezakegu migrazio krisiaz, jende-oldeaz; gainezka gaude, ez dago denondako tokirik, deialdi efektua… eta halakoak.

Egiatik urruti:
-Ez dago inolako jende-olderik: itsasoa zeharkatu nahian milaka pertsona hiltzea; hain muturreko baldintzetan Afrikan hainbat pertsona bizitzea; eta ihesa irtenbide bakarra izatea, HORI DA LARRIA.
-Ez gaude gainezka, ez. Huelvan 17.000 emakume marrubi garairako soilik ekartzea, jende-oldea da? Estatura 15.000 pertsona iristea? Urruti gaude Libano bezalako herrialde txiki batek egin duen bezala 1.000.000 siriar hartzetik.

-Maneia ditzakegun zenbakiak dira, eta ez kontrakoa. Estatuak urtero 84.000.000 turistari harrera egin badiezaioke, zerbitzuak eman… nola ez 15.000 pertsona migratzaileri?

-Europarena, ez da krisi migratorioa, krisi humanoa eta politikoa baizik. Hainbat pertsonak Europara iritsi nahi dute; haien kontra modu bizkorrean lanean diharduen polítika xenofobo eta arrazistak indar handia hartu du. Hori da krisia, hori.

-Ez dago deialdi efekturik: erantzun gabeko deialdia dago. Afrikan gertatzen ari dena. Gu aberastu eta haiek pobretzean Iparrak dugun erantzukizunari egindako deialdiari erantzunik ez ematean dago arazoa. Valentziara Aquarius-eko 630 migratzaile etortzea ez da deialdi efektua. Marokok dituen harresi politiken zorroztasunari egin behar zaio deialdia, politika horiek berrikus ditzan. Migratzeko bideak ziurrak izateari.

-Eta ez, migratzaileak ez daude sobera. Estatuko gizartea gero eta zaharkituago dagoela badakigu. Zertxobait hazten ari bada, migratzaileek ere zergak ordaintzen dituztelako da, lan egin  eta kontsumitzen dutelako. Gainera, migratzaileen gehiengoak ez dauka Estatu espainiarra helburu, pasoko gunea da. Hemen ez dago inor sobera.

Udarekin batera, berri eskasia datorrenean, ibil gaitezen erne zer entzun, ikusi eta irakurtzen dugun.