Tourra: Alpe d’ Huezek erabakiko du?

Guaixe 2018ko uzt. 19a, 12:21
Gorka Izagirre.

Gaur jokatuko da Alpeetako etapa mitikoa, eta asteartean Pirinioetara helduko da proba

Igandean Tourreko galtzadarrien etapa gogorra jokatu eta gero, astelehenean tropelak atseden hartu zuen eta asteartean Alpeetako etapa gogorrei ekin zieten txirrindulariek. Lehendabiziko etapan faboritoek ez zuten mugimendu handirik egin, atzoko bigarren etapan Mikel Nieve leitzarra (Mitchelton) etapa irabaztekotan izan zen –helmugarako metro eskasen faltan aurreratu zuten Skyko bere taldekide ohi Geraint Thomasek, Chris Froomek, Tom Dumoulinek (Sunweb) eta Carusok (BMC)– eta gaur Alpeetako etapa nagusia jokatuko da, Alpe d' Huez mitikoan despeditu dena. Etapa erabakigarria izango dela aurreikusten zen eta litekeena da sailkapen orokorrean mugimenduak sortzea.
Etapari ekin baino lehen, atzoko etapa irabazle Geraint Thomas (Sky) da liderra (44:06:16), Chris Froome bere taldekidea 1:25era duela. Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Bahrain) 34.a da, 34:49ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 97.a, 1:10:34ra.

Aipatu bi txirrindulariak euren liderrendako primerako lana egiten ari dira. Adibide gisa, igandeko galtzadarrien etapan erorikoa izan zuen Movistar Team taldeko Mikel Landak eta hura berriro tropelera eramateko izugarriko lana egin zuen Etxeberrikoak. Euren liderren alde hustutzen ari dira gure txirrindulariak. Gaur lan ederra dute aurretik, eta igandean ere mendiko etapa gogorra dute zain. Asteartean Pirinioetara iritsiko dira, eta euskal zaleak izanen dituzte zain.