Sakanako Mankomunitateak antolatuta, bihar, garilaren 21ean, larunbatean, 10:00etatik aurrera, XVII. Sakanako Triatloia jokatuko da Urdiaingo igerilekuetan. Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuetan jokatuko dira, txirrindularitza probak igerileku ondoko paraje zoragarrietan, Urriztin eta Saraben eta eta korrika proba Urrizti inguruetan. Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Triatloi Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren, Aitziber elkartearen eta Urdiaingo Udalaren laguntza du guztia behar bezala prestatzeko. Aipatzekoa da Urdiaingo proba Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarria dela.
100 triatleta
XVII. Sakanako Haur Triatloian parte hartzeko aurretik izena emana beharra zegoen www.navarratriatlon.com web gunean. Erredakzioa ixterakoan 100 triatleta inguru zeuden izena emanda. Nolanahi ere, informaziorako Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa).
Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuan jokatuko dira, eta bizikleta probarako zirkuitu ederra prestatu dute, beti bezala, Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna. Korrika egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu. Triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Aipatzekoa da probak irauten duen bitartean juniorrek eta kadeteek ezingo dutela kanpoko laguntzarik jaso; gainontzeko mailetakoek laguntza jaso ahal izango dute, baina soilik epaile, teknikari edo antolakuntzako partaideen laguntza, arazo mekanikoak konpontzeko.
Proba gauzatzen den bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egonen da. Bukaeran triatleta guztiei ogitartekoa eta zukua banatuko zaie. Igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen kirol honetaz gozatzeko primerako aukera da biharkoa, paraje zoragarrian. Horregatik, Urdiaingo igerilekura gerturatzeko deia egin du Mank-ek.
Aurreko urtean 100 triatleta pasatxok hartu zuten parte, eta tartean ziren Mank-eko Udako Triatloi Campusean dabiltzan sakandarrak. Lan bikaina egin zuten, jokatutako 11 probetatik 5 proba Sakana Triatloi Taldeko kideek irabazi baitzituzten: aurrebenjaminena, Eneko Razkinek; benjaminena Ane Iturriozek eta Ekain Imazek; kimuetan Hegoi Lakuntzak; eta haurren emakumezkoetan Nahia Imazek.
Proben distantziak
Juniorrak (00-99): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Kadeteak (03-02-01): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Haurrak (05-04): 11:25ean (378 m igeri (14 luze), 6 km bizikleta, 1,5 km korrika)
Kimuak (07-06): 12:15ean (189 m igeri (7 luze), 3 km bizikleta, 750 m korrika)
Benjaminak (09-08): 13:05ean (81 m igeri (3 luze), 1,5 km bizikleta, 350 m korrika)
Aurre-benjaminak (10): 13:30ean (54 m igeri (2 luze), 1 km bizikleta, 200 m korrika)