Lau kontu Urrestarazuri atzera berriz erantzun eta agur, interesgarria izan dela iraun duen bitartean, esateko.
Ez omen du inor epaitu Iruña-Veleia aferan. Eskerrak! Grafitoak faltsuak direla, inolako zalantzarik gabe, berretsi bai. Sinisgarria litzateke tartean ez bageneki duela hamar urte dagoeneko auzipetu zituztela (ezagutzen duzue beste horrelako kasuren bat?) grafitoak azaleratu zituztenekoan bi arkeologoak. Harria bota eta eskua poltsikora? Kartzela eta isun eskaera, grafitoak faltsuak izatekotan, bihurtuko dira zigor bi arkeologoendako. Eskerrak, berriz ere, ez duela berak inor epaitu, ez epaituko. Epaileak, arkeometriako azterketak (facta) egitea bidali eta horiek hartuko ahal ditu kontuan, ez argudio hutsak.
Thomson jauna ez dela hizkuntzalaritzan aditua (ikerbide zientifikoan da aditu). Baina, zenbait argudio baztertzeko ez da zertan izanik aditu. Ezin da esan ezinezkoa denik edozer agertzea honako edo halako data baino lehen. Adituak esanen luke ez dagoela dokumentaturik horrelako gertaerarik ordura arte. Eta, Thomsonek, “aditu” horiek ezinezkotako jotzen zituzten hainbat gertaera, badirela erakutsi du. Besterik ez.
Bestalde, ez du Iruña-Veleia Argitu! manifestua sinatu duen inork esaten, grafitoak benetakoak direnik. Zalantza da zientziaren motorra, fedea den bezala dogmarena. Fedeari esker izan da mundua aurrerakuntzarik ia gabe mendeetan. Sinatzaileok bi eskaera zehatz baino ez ditugu egiten: arkeometrian gaituak diren laborategietan azter ditzatela grafitoak, batetik; eta, grafitoak agertu zireneko tokian eta aldamenean induskatu dezatela arkeologo inpartzialek, ea gehiago agertzen diren ikusteko. Hauek bai benetako facta, norabide bateko edo besteko argumenta guztiak gaindituko lituzketenak. Nori egiten diote kalte bi eskaera horiek? Egia ezagutu nahi duen inori ez, bederen. Argumenturik gabe gera daitezkeen adituei, agian?